Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek emaztea hil eta bere buruaz beste egin du Sevillan
Krimena Sanlucar la Mayor herrian gertatu da. Erasotzaileak emakumea ehiza eskopeta batekin tirokatu du. Ondoren arma berarekin bere burua hil du.
Agentziak | Erredakzioa
Senar-emazte batzuen heriotza argitzeko ikerketa bat martxan jarri du gaur Sevillako Guardia Zibilak. Hala ere, genero indarkeria kasu bat izan dela frogatzen dute zantzu guztiek. Krimena Sanlucar la Mayor herrian gertatu da. Erasotzaileak emakumea ehiza eskopeta batekin tirokatu du. Ondoren arma berarekin bere burua hil du.
02:38 aldera gertakariaren berri bi iturriren bidez izan dutela baieztatu du Guardia Zibilak. Alde batetik, larrialdi zerbitzuek abisua eman dute, eta bestetik, bizilagun bat Sanlucarreko polizia-etxera joan da, Virgen de la Paz kaleko etxebizitza batean tiroak entzun dituelako.
Guardia Zibila, Udaltzaingoa eta larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu dira. 46 urteko gizon baten gorpua eta 45 urteko emakume bat oso larri aurkitu dituzte etxebizitzan. Emaztea gutxi geroago hil da, zehazki 03:10ean. Larrialdi zerbitzuak suspertzen saiatu dira, baina alferrik izan da.
15 urteko semea etxean zegoen
Gainera, 15 urteko semea etxean zegoen krimena gertatu denean, iturrien arabera. Gizonak bi eskopeta eta karabina bat zituen. Eskopetetako bat erabili du emaztea hiltzeko.
Udalak jakitera eman duenez, dena eztabaida batekin hasi da. Gizonak eztabaidari eskopetarekin amaiera eman dio, ondoren bere buruaz beste egin du.
Erasotzaileak ez zuen aurrekaririk, eta aldez aurretik ez dute salaketarik aurkeztu indarkeria matxistagatik.