Gizartea -
Tuterako PVT enpresa
ecoGranic, kutsadura irensten duen zoladura berezia
Landareen fotosintesiarekin alderatzen dute ecoGranic lauzaren sortzaileek kutsadura gutxitzeko asmatu duten sistema. Pavimentos de Tudela (PVT) enpresak sortu eta patentatu du.
Oihane Arangoa | Euskadi Irratia
Herri eta hirietan trafikoak eragiten duen kutsadura gutxitzen laguntzen duen zoladura berezi bat sortu du Tuterako enpresa batek, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Lurzoru berdea da, arnasten dugun airea garbitzeko gaitasuna baitu.
Hormigoiz eginiko lauza mota bat da. Ekologikoa da, bere osagaien heren bat material birziklatua baita. Pavimentos de Tudela (PVT) enpresak sortu eta patentatu du, eta ecoGranic du izena.
Landareen fotosintesiarekin alderatzen dute ecoGranic lauzaren sortzaileek kutsadura gutxitzeko asmatu duten sistema. Zolaren kanpoko geruzak foto-katalizatzaile bat du, argiarekin aktibatzen dena.
Laura Gonzalez PVT enpresako ikerketa eta garapen saileko teknikariaren esanetan, beste edozein zola mota bezala, herri eta hirietako espaloi, kale eta plazetan jar daiteke. Formatu eta kolore askotan ekoizten dute, eta eraginkortasun handia dute kutsadura irensten.
Kutsadura arazoak dituzten hiriak
Trafikoak eragindako kutsadurari aurre egin nahi dioten hirietan ari dira jartzen zoladura berde hau. Dagoeneko Euskal Herriko hainbat hiritan, Madrilen, Bartzelonan jarri dute, eta Frantziara eta Txinara ere zabaltzen ari dira.
Duela bost urte hasi ziren PVT enpresan kutsadurari aurre egiteko lauza berezia garatzen, eta ikertzen jarraitzen dute, eraikin barruetan ere eraginkorra izan dadin.