Gizartea -

URTEURRENA

Askabide, 30 urte prostituzioan aritzen diren emakumeei laguntzen

Azken hiru hamarkadetan, proiektu ugari jarri ditu martxan elkarteak, informazioa zabaldu, gizartea sentsibilizatu eta prostituten egoera salatzeko.

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30 urte bete ditu aurten Askabidek. Prostituzioan aritzen ziren pertsonen baldintzekin kezkatuta, elkarte bat abian jartzea erabaki zuten hainbat lagunek 1985ean. EAE osora bideratutako elkartea den arren, batez ere, Bizkaira jarrita du begirada. Prostitutak eta, oro har, baztertuta dauden emakumeak gizarteratzea du helburu irabazi asmorik gabeko elkarte independente honek.

Azken 30 urteotan, proiektu ugari jarri ditu martxan Askabidek, baina informazioa zabaltzea, gizartea sentsibilizatzea eta prostituzioan dauden emakumeen egoera salatzea dira Askabideren egiteko nagusiak. Prostitutekin zuzeneko harremana bilatzen dute, erantzun integral bat emateko.

Generoari, adinari, jatorriari edota formazioari dagokionez, talde oso anitza da prostituten kolektiboa EAEn. Askabidek emandako datuen arabera, kolektiboa osatzen duten emakumeen % 60 inguru Hego Amerikako herrialdeetako emakumeak dira. Gainerako gehienak europarrak eta afrikarrak dira.

Kolektibo ikusezina

Ikusezintasuna da prostituzioan aritzen diren emakumeen ezaugarri nagusienetakoa. Ogibide hori duten emakumeak identifikatzeko arazoak dituzte Askabide bezalako elkarteek. Gizartean pairatzen duten bazterkeria, dituzten zailtasun administratiboak eta beldurra tarteko, emakume asko eta asko ezkutuan aritzen dira prostituzioan. Horrek asko zailtzen du laguntzak bideratzea.

Prostituziorako erabiltzen diren lokalak eta etxeak identifikatzea oso zaila dela esan du Askabidek, modu irregularrean ari direlako gehienak. Azken urtebetean, Bizkaian, nabarmen egin du gora prostituziorako alokatutako etxebizitzetako logela kopuruak.

Indarkeria egoerak

Emakumeon ikusezintasunak, bestalde, areagotu egiten du horiek indarkeria jasateko duten arriskua, Askabideren esanetan.

Babes sozialik eta juridikorik gabe lanean aritzeak ahul bihurtzen du kolektiboa, eta, ondorioz, Askabideren arabera, era guztietako indarkeria pairatzen dute prostitutek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak