Gizartea -
Genero indarkeria
Bikotekide ohia hil du ustez gizon batek Sevillan
Indarkeria matxistagatik salaketak jarrita zituen aurrez biktimak. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak 40 urteko gizonezko bat atxilotu du Lebrijan (Sevilla) haren bikotekide ohia hiltzea egotzita, Udaleko eta Armatutako Institutuko iturriek jakinarazi dutenez.
Iturrion arabera, hilketa 06:00etan jazo da. Nonbait borroka izan dute biek, eta gizonak emakumea hil omen du (ez dute armarik topatu). Biktimak 36 urte zituen eta 11 eta 7 urteko bi seme-alaba.
Hilketa egin ostean, bere burua zauritu du gizonak, eta osasun-zentrora joan da artaratzera. Hango beharginek Udaltzaingoari eta Guardia Zibilari deitu diete, eta azken honek atxilotu egin du. Gizona Virgen del Valme erietxera eraman behar izan dute.
Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, biktimak bikote-lagunaren kontrako salaketak jarrita zituen aurrez genero indarkeria egotzita.
Dolu eguna eta elkarretaratzea
Lebrijako Udalak gaurko antolatutako ekitaldi guztiak (hauteskunde kanpainakoak eta Gabonetakoak) bertan behera utzi ditu. Banderak masta erdian dituzte Udaletxeko balkoian, dolua adierazteko.
Horrez gain, hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute Udalak eta Genero Indarkeriaren kontra ari den Lebrijako Emakumeen taldeak, Lebrijako Gizarte Foroak eta Udalak 18:00etan.
_______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.