Gizartea -

Ekaitzaren ostean

Ekaitzaren kalteak konpontzeko laguntzak eskatuko ditu Urduñak

60.000 etxebizitza geratu ziren argirik gabe larunbatetik iganderako gauean EAEn, haizearen ondorioz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatetik iganderako haizeteek Urduñan eragindako "kalte handiak" konpontzeko Eusko Jaurlaritzari eta Gobernu zentralari eta Bizkaiko Aldundiari laguntza ekonomikoak eskatuko dizkie Udalak. Izan ere, 228 kilometro orduko haize boladak harrapatu zituzten bertan.

Gaur Udalak prentsa oharrean jakinarazi duenez, hainbat etxebizitzetako eta enpresetako teilatutan kalteak izan ziren. Hilerrian, bolalekuetan eta golf zelaian ere kalteak izan dira.

Atzo Urduñako auzokide guztiak euren etxetara bueltatu ziren horietako azpiegituretan kalterik ez zirela izan Udalak baieztatu ostean.

Udalak informazio bulegoa zabaldu du gaur.

Argi indarraren konponketa

Xynthia zikloiak argirik gabe utzi zituen EAEko herri eta auzoetako zerbitzua bere onera ekarri du Iberdrolak gaur goizean.

60.000 etxebizitza geratu ziren argirik gabe larunbatetik iganderako gauean, haizearen ondorioz.

Bart 8.000 etxebizitza argirik gabe zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan. Gaur eguerdirako bezero guztiei zerbitzua ekarri zaiela adierazi du Iberdrolak ohar batean.

Pablo Isasi Amurrioko alkateak esan du harremanetan daudela Urduña eta Artziniegako udalekin, hondamendi lurralde deklara ditzaten zein aukera dagoen aztertzeko.

Amurrion eta Urduñan herritarren kexuak jasotzeko bulegoak ireki dituzte. Urduñan, haizeak eraman zituen teilatuen kalteak izan zituzten herritarrak itzuli dira beren etxeetara.

Bestalde, Patxi Lazcoz alkateak Gasteizko larrialdi zerbitzuek egin duten lana goraipatu du, eta suhiltzaileek hartu zuten arriskua nabarmendu du.

Gasteizen, kalterik gehien Gamarra eta Mendizorrotza aldean izan dira. Florida, Arriaga eta Pradoko lorategietan ere zuhaitz eta adarrak erori dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea