Gizartea -
Gertakaria
Bilboko taberna batean izandako eraso homofobo bat salatu dute
Kitzikan erakundeak Bilboko taberna batean izandako erasoa salatzeko kontzentraziora deitu du. Mobilizazioa larunbatean izango da, Arriaga plazan, 12:00etan.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk astearte honetan izandako eraso homofobo bat salatu du. Kitzikan erakundearen esanetan, Bilboko taberna batean zegoen gazte bat kolpatu zuten.
Hori dela eta, koalizio soberanistak eta Udalberrik gertaera hori gaitzesteko eta errefusatzeko eskatu dio Bozeramaileen Batzordeari. “LGBT kolektiboaren kontrako jarrerak” oraindik existitzen direla kritikatu du EH Bilduk. Horrez gain, eraso horren aurrean elkartasuna adierazi dio biktimari.
Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak esan du jokabide horiek “salatu, epaitu eta zigortu” egin behar direla. “Zoritxarrez, errepikatzen diren gertaerak” direla gaineratu du. Erasoak fisikoak nahiz ahozkoak direla gogoratu du.
Kitzikan erakundeak gertakaria gaitzesteko kontzentraziora deitu du. Mobilizazioa larunbatean izango da, Arriaga plazan, 12:00etan.