Gizartea -
Gasteiz
Hiru urteko zigorra eskatu dute, adingabe bati sexu-eraso egiteagatik
Akusatuak 14 urteko neskato bati sexu-erasoa egin zion bere etxebizitzan lo zegoela. Adingabeak Poliziari deituko ziola esanez mehatxu egin zion, eta askatzea lortu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Fiskalak hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du delitu sexualak egin zituen gasteiztar batentzat. Zirriak egin zizkion adingabe bati eta prakak jaisten ahalegindu zen.
Gertaera 2014ko urtarrilaren 5ean jazo zen. Akusatuak 14 urteko neskatoarekin bakarrik zegoela aprobetxatu zuen sexu-erasoa egiteko, Ministerio Publikoaren esanetan.
Adingabea lo zegoen bitartean logelan sartu zen eta zirriak egin zizkion. Gaztea erasotzaileari aurre egiten saiatu zen, baina honek ez zion jaramonik egin eta, gainera, prakak jaisten ahalegindu zen.
Neskatoak Poliziari deituko ziola esanez mehatxu egin zion eta, azkenean, aske utzi zuen, akusazioak salatu duenez. Gizonezkoa datorren astean epaituko dute, sexu-erasoa egotzita.
Halaber, beste gasteiztar bat epaituko dute datorren astean. Adingabe bat erakartzeko asmoarekin bere etxeko leihoan etengabe masturbatzea egotzi diote. Ministerio Publikoak 7.200 euroko isuna ezartzea eskatu du.