Gizartea -

Gertaera

Atxilotuta Barakaldon, arma zuriz taberna batean mehatxatu izanagatik

Erasotzaileak, gainera, hiru agente zauritu zituen. Komisariara eramaten ari zirela, bekainean egin zion zauria bere buruari. Asteazken arratsaldean jazo zen gertakaria.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 urteko gizon bat atxilotu dute asteazkenean Barakaldon (Bizkaia), taberna batean arma zuriz hainbat pertsona mehatxatu eta Udaltzaingo hiru agente zauritu izanagatik. Udaltzainak arin zauritu ziren eta erasotzaileak bekainean egin zion zauria bere buruari, komisariara eramaten ari zirela.

Udalak jakinarazi duenez, 19:30ak aldera sartu zen gizona tabernan, Retuerto auzoan, aizto bat zeramala, eta hainbat laguni erasotzen saiatu zen. Gertaeran, ez zen arma zuriak eragindako zauririk izan.

Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren eta erasotzailea atxilotu zuten; une hartan, hiru agente zauritu ziren, arin. Gurutzetako ospitalera eraman zituzten, arta zitzaten.

Atxilotuak, Udalak jakitera eman duenez, jarrera "oso oldarkorra" zuen, eta bere buruari hainbat kolpe eman zizkion komisariara eraman zuen ibilgailuaren kristalaren aurka. Azkenean, kristala apurtu zuen, eta, ondorioz, zauria izan zuen bekainean. Atxilotua epailearen esku dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Barakaldo Delituak Gizartea bideoak Ostalaritza Euskadin