Gizartea -
Sua Nafarroan
Goizuetako suteak 50 hektarea kiskali ditu, baina kontrolpean dago
Suak Mandoegi mendiko mazela bati eragin dio, Leitza eta Goizueta artean. Hiru ardi hilik topatu dituzte, eta beste batzuk erredurekin agertu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Goizuetako suteak 50 hektarea sastraka eta zuhaitz kiskali ditu, baina atzo arratsaldean kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Arratsaldeko lehen orduan suhiltzaileek sua kontrolatutzat eman zuten. Sua asteazkenean, 20:30 aldera, piztu zen Mandoegi mendian, Leitza eta Goizueta artean.
Hiru ardi hilik topatu dituzte, eta beste batzuk erredurekin agertu dira. Cordovillako 20 bat suhiltzailek eta Oronoz, Leitza eta Altsasuko beste hainbatek hartu dute parte sua itzaltzeko lanetan, eta Goizuetako boluntario askok ere lagundu dute; izan ere, inguru malkartsua da, eta suhiltzaileen lau ponpak ezin izan dituzte bertaraino eraman.
Haizea
Haize-bolada bortitzek helikopteroaren lana eragotzi dute. Atzo arratsaldean, zenbait deskarga egitea lortu zuen, sutea kontrolatzeko lana errazteko.
Hego-haizea bizi ibili da, bortitz tarteka, tenperatura altuak izan dira eta landarediak hezetasun gutxi du, ez baitu euririk egin. Horrek guztiak asko zaildu ditu sua itzaltzeko lanak.
Bestalde, Goizuetako suhiltzaile boluntario bat intoxikatu zen atzo, eta Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten, baina etxean dago jada.