Gizartea -

Ihes egitea lortu dute

Hiru euskal ontzi bahitzen saiatu dira Indiako ozeanoan

Horietako biri eraso egin diete, eta hirugarrenak piratak hurbildu baino lehen egin du ihes. 22 pirata atxilotu dituzte. Itsaslapurrek Norvegiako petrolio-ontzi bat bahitu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Somaliako piratek bi euskal ontziri (Intertuna II atunontzia eta Artxanda ontzi laguntzailea) eraso diete gaur goizean Indiako ozeanoan, baina segurtasun pribatuek armak erabiliz egin diete aurre eta, beraz, ihes egitea lortu dute, Ricardo Garciak, Albacora enpresa armadorearen arduradunetako batek, Radio Euskadin baieztatu duenez. Tripulatzaile guztiak onik daude.

Dena dela, hori ez da goizeko gertakizun bakarra izan ur arriskutsu haietan, eguraldi onarekin batera pirata ugari itsasoratzen ari baitira.

Hori horrela, hirugarren euskal atunontzi batek (Intertuna III) beregana zihoazen pirata batzuk ikusi ditu, eta haiekin topo egin baino lehen ihesari ekin dio, informazio agentzien arabera. Gainera, Somaliako itsas-lapurrek Frantziako bi ontziren aurka ere egin dute.

Lehen erasoa 08:00etan jazo da, Kenyako kostaldetik 350 miliara, hau da, atzo Albacan ontzia bahitzen saiatu ziren leku berean. Oraingoan, Intertuna II atunontziari eraso diote, baina agente pribatu britainiarrek aurre egin diete piratei, tiro eginez.

11:30ean, Albacora enpresaren ontzia Port Victoriara nabigatzen zegoen, helikoptero batek, Italiako fragata batek eta laguntza ematera joan diren Alakrana (iaz 47 egunez bahituta izan zen ontzia) eta Antxa atunontziek lagunduta.

Intertuna II-ri irailaren 9an ere eraso zioten, Somaliako kostaldetik 420 miliara.

Artxanda Atunsa enpresaren ontzi laguntzailea (sareak kargatzen ditu) ere bahitzen saiatu dira, baina ihes egitea lortu du, agente pribatuei eta laguntzera joan zaion Izurdia atunontziari esker.

Larrialdi bilera

Albacora eta Atunsa enpresa armadoreek azaldu dutenez, tripulatzaile gehienak euskal herritarrak dira eta onik daude.

Egoera oso larria da, piratak ugaritzen ari baitira eguraldi onaren ondorioz. Hori dela eta, Indiako Ozeanoan dauden atunontzien arduradunak batzartu egin dira zer egin aztertzeko.

Pirata batzuk atxilotuta

Eraso guztien ostean, ''Atalanta'' operazioko militarrek 22 pirata atxilotu dituzte inguru hartan, Defentsa Ministerioaren iturriak aipatuta EFE agentziak informatu duenez.

Intertuna II eta Artxanda ontziek erasoa jasan eta gero, handik dagoen P3-Orion hegazkin militar espainiarra piratengana hurbildu da. Ariketa horren eta ontzien agente pribatuen lanaren ondorioz, erasotzaileak ihesean joan dira.

Ondoren, ''Atalanta'' operazioko komandanteak hara hurbiltzeko agindu dio Nivoise fragata frantziarrari, eta ontzi horrek pirata batzuk atzeman ditu.

Petrolio-ontzi bat bahitu dute

Bestalde, itsaslapur talde batek Norvegiako petrolio-ontzi bat bahitu du gaur Madagaskarreko kostaldean eta Somaliarantz desbideratu du, Norvegiako NRK telebistak jakitera eman duenez.

UBT Ocean ontzia Arabiar Emirerri Batuetatik abiatu zen petrolioz kargatuta eta Tanzaniako portu batera zihoan. 22 tripulatzaile daramatza, gehienak birmaniarrak, ontzi-enpresako iturrien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea