Gizartea -
San Tomas
Baserritik, Bilbora
Milaka lagun gerturatu dira Bilbora Gabonetako azoka garrantzitsuenaz gozatzera. Eguraldia, gainera, lagun izan da. Errefuxiatuak omenduko dituzte antolatzaileek.
EITB.EUS
Baserritarrak, gure lurreko produktuak eta nekazal ukitua dira gaur protagonista Bilbon. Urtero bezala, San Tomas azoka ospatzen ari dira abenduaren 21 honetan. Udalak, 100.000 lagun espero ditu, iragarritako eguraldi onak lagunduta (eguzkia eta 17 ºC-ko tenperatura maximoak).
Berrikuntza moduan, elkartasunari keinu bat egin nahi izan diote antolatzaileek. Hala, errefuxiatuak eta eurei laguntzen dietenak omenduko ditu BBK Fundazioak. "Aurten gerrak edo naturaren hondamendiak direla-eta, beren etxetik alde egin behar izan duten pertsonen errealitateari begiratuko zaio", iragarri zuten azokaren aurkezpenean. Hori horrela, Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeari (CEAR) saria emango diote, giza eskubideen, errefuxiatuen eta gizartean baztertzeko arriskuan daudenen alde egiten duen lana eskertzeko. Javier Galparsoro CEAR Euskadiko presidenteak jasoko du, horrenbestez, BBK Gureak saria, hasierako ekitaldian bertan.
Horrez gain, nekazaritzako produktuen saltokiez gain, gune solidario bat ere paratuko dute CEAR Euskadirentzat dirua batzeko.
286 saltoki eta 140 ekoizle
Aurten, guztira 286 postu izango dira Bizkaiko 140 ekoizleren produktuak eskaintzeko: ortuariak, fruta, gazta, eztia, hestebeteak, kontserbak, ogia, gozokiak, txakolina, sagardoa, esnekiak, landareak eta abar. Plaza Barrian, Bilboko Zazpikaleetan eta Areatzan jarriko dituzte saltokiak.
Horrez gain, BBK Bioeskola jarriko dute Arriaga Plazan, umeei zuzendutako etxola. Produktu ekologikoekin osatutako pizza eta txapa dibertigarriak egiteko aukera izango dute bertan etxeko txikienek.
Azken lau urteetan bezala, ekoizle onenari saria emango dio BBK Fundazioak. Sari banaketa, baina, ez dute azoka egunean egingo, urtarrilaren 12an baizik.