Gizartea -
San Tomas
'Engraxi', Donostiako gaurko erregina
Konstituzio plazako protagonista da txerria. Eguzkiari eta giro epelari esker, milaka lagun gerturatu da azokara.
Agentziak | Erredakzioa
Leitzako Arro baserrian hazitako 327 kiloko txerria da abenduaren 21 honetako, San Tomas azokako, protagonista Donostian. Konstituzio Plazako erregina da 'Engraxi' txerria. Gainerakoan, euskal baserritarren eta ekoizleen jaki goxoak eskaintzen dituzten 233 postu edo saltokiak dira jaiaren erdigune.
Txistorra da nagusi postuetan, 54tan txerriki goxo hori saldu baitute; 16tan, taloa, eta beste hainbeste dira gozogintzari eta gaztagintzari eskainita.
Gipuzkoa, Sarriegi, Konstituzio eta Okendo plazetan eta Elkano eta Txurruka kaleetan paratu dituzte postuak.
Landa sektoreari eta euskal kulturari eskainitako ekitaldi ugari ere badira, besteak beste, kontzertuak, haurrentzako tailerrak eta hainbat lehiaketa (txistor, ezti, txorimalo eta fruta eta barazki lehiaketak, esaterako).
Zirkulazioa eta hondakinak
Azoka dela eta, hiriko autobus batzuen ibilbidea aldatu eta Gipuzkoa plazako geltokiak kendu dituzte. Dena dela, garraio publikoa erabilita, jai-giroaren erdigunera (Boulevard) hurbildu ahal dute bizilagun eta bisitariak.
Horrez gain, eta San Tomas jasangarriagoa egin nahian, 45.000 edalontzi berrerabilgarri banatu dituzte postuetan.