Gizartea -
Suteak
Suhiltzaileek kontrolpean dute Berangoko sutea
Nolanahi ere, suhiltzaileen laguntza-taldeek eta basoetako langileek gau guztian lanean jarraituko dute. Bi hidrohegazkin erabili dituzte sua itzaltzeko lanetan.
Agentziak | Erredakzioa
Suhiltzaileek kontrolpean dute Berangoko sutea, baina langutza-taldeek gau guztian jarraituko dute lanean, garrak bizitzea saihesteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, igandean piztu zen sutea astelehen arratsaldean lortu dute kontrolatzea. Goizean goizetik zebilean haizetea ere arratsaldean baretu egin da eta horrek lana "erraztu" duela erantsi dute.
100 bat baliabide zonaldean lanean ari direla azaldu du Carlos Uriagereka Bizkaiko Aldundiaren Baso Zerbitzuko buruzagiak Radio Euskadin. Besteak beste, basozainak, suhiltzaileak eta Basalan enpresako langileak bertan dira. Gainera, bederatzi kamioi, lur orotarako 12 ibilgailu eta 35 suhiltzaile sua itzaltzeko lanean ari dira.
Uriagerekaren hitzetan, "sutea kontrolpean" dute, baina haize bolada bortitzek eta orografia malkartsuak itzaltzeko lanak zailtzen dituzte. Orain arte 120-130 hektarea kiskali ditu suak, Uriagerekak esan duenez.
Bi hidrohegazkin sua itzaltzeko lanean aritu dira, SOS Deiakek Twitter sare sozialeko kontuan jakitera eman duenez. Suhiltzaileen ibilgailuak iritsi ezin izan duten inguruetara heltzea ahalbidetu dute Ingurumen Ministerioak bidalitako hidrohegazkinek.
Suteak ezinegona eragin du Berangon, etxebizitza batzuetatik eta industria-gunetik hurbil izan delako. Dagoeneko 120-130 hektarea kiskali dira, baina ez da zauriturik izan.
Sua igande gauean (20:30) piztu zen, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, eta, haize ufaden ondorioz, berehala zabaldu zen Sopelaraino.
Haizeteak eta ingurune malkartsua izateak, asko zaildu dituzte sua kontrolpean hartzeko lanak.
Gauzak horrela, gau guztian suhiltzaileen laguntza-taldeak eta basozainak bertan izango dira, sutea kontrolpean mantentzeko.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak suak kaltetutako ingurua bisitatu du eguerdian eta gau eta egun lanean diharduten langileen lana eskertu du.
Hidrohegazkina Berangon. Argazkia: EFE
Trafikoa etenda
Bestalde, suaren eraginez trafikoa eten behar izan dute Unbe gainean, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Horrez gain, Bilboko metroak atzerapenak izan ditu goizean, Leioa eta Larrabasterra artean. Sutearen ondorioz goi-tentsioko zenbait dorre erori dira, eta horrek argindarraren hornidurari eragin dio. Hala ere, arazoak konpondu dituzte eta dena bere onera etorri da metroan.
Berangoko sutea. Argazkia: EFE
Beste sute batzuk
Hainbat sute jazo ziren atzo arratsaldean hainbat euskal udalerritan; besteak beste, Deban edota Leioa, Ispaster eta Ereñon. Gainera, Bilboko Uretamendi auzoan beste sute bat izan zen. Sute gehienak sastraka guneetan gertatu dira.
Horiez gain, Deban baserri batek hartu du sua, eta horren eraginez bi pertsona eraman behar izan dituzte ospitalera.
Nafarroan, Arantzan, suhiltzaileek larunbatea piztu zen sutea egonkortzea lortu dute. Lehendabiziko kalkuluen arabera, 130 kiskali dira.
Bestalde, ehun sute baino gehiago piztu dira Katanbrian eta Asturiasen. Kantabriako presidenteak Armadari laguntza eskatu dio.
Berangoko sutea. Argazkia: EFE