Gizartea -
Jaiotzak Hego Euskal Herrian
Maddi izeneko neska gipuzkoarra da 2016ko lehen haurra gurean
Oinatz eta Udane bikiak dira lehen bizkaitarrak. Nahia da Araban jaiotako lehena eta Iker Manuel, berriz, lehen haur nafarra aurten.
eitb.eus
2016ko lehen haurra gurean Maddi izeneko neska gipuzkoarra da. 03:03an jaio da, Arrasateko ospitalean, eta 3,1 kiloko pisua izan du. Ama oñatiarra du.
Bizkaian, Oinatz eta Udane anai-arreba bikiak izan dira aurten lehenak. Gurutzetako ospitalean jaio dira, 00:09an eta 00:12an. Oinatzek bi kilo eta erdi pisatu ditu, eta Udanek, berriz, 2 kilo eta 600 gramo. Itziar ama lemoarraren lehen seme-alabak dira.
Araban beranduago etorri da urteko lehen jaiotza. Nahia izan da lehen haur arabarra 2016an, eta 03:05ean jaio da. Ia hiru kilo eta erdi ditu, eta ogia ere ekarri du besapean. Izan ere, urtero bezala, Arabako Ogitegien Elkarteak egunero ogi bat emango dio doan, 2016an zehar.
Nafarroako urteko lehen haurrak Iker Manuel du izena eta 01:25ean jaio da, Iruñean. 3 kilo pasatxo izan ditu jaiotakoan, eta honek ere saria izango du, Caixabankek libreta irekiko baitio, 2.000 eurorekin.