Gizartea -
EAE-n
Eskoletatik zenbait pintura marka erretiratzea agindu du Jaurlaritzak
Toxikoak direla ohartarazi du Hezkuntza Sailak, baina horretarako kopuru handiak irentsi behar direla gaineratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskuekin erabiltzekoa den zenbait pintura marka erretiratzea agindu die haurreskolei eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei, toxikoak baitira kantitate handitan irensten badira.
EAEko, Espainiako eta Europako kontsumo erakundeek alerta piztu dute, Jovi, Stylex eta Bruynzeel marken pinturek metal astunak dituztelako.
Produktu horiek dagoeneko erretiratu dituzte merkatutik, baina EAEko agintariek abisua igorri diete ikastetxeei, baten bat ote duten egiaztatu, eta erretira dezaten.
Toxikoak diren pinturetako batzuk. Iturria: Kontsumobide
Nolanahi ere, umeak arriskuan egon ez direla azaldu dute Jaurlaritzatik, produktu horiekin toxikatzeko kopuru handiak irentsi behar direlako.
Aipatutako produktu toxikoei buruzko informazioa erakunde hauen webguneetan dago eskuragarri: Kontsumobide, Espainiako Kontsumo Agentzia eta Europako Batzordearen Alerta Sarea.