Gizartea -
Nafarroan
Lekunberriko krimenaren egileak aurretik kartzela zigorra zuen zain
Iragan urtarrilean diskoteka batean gazte bat labankadaz hiltzea leporatu diote Ramos de Sousari. Auzipetuak bi urteko kartzela zigorra zuen zain, iragan urtetik, baina ez zuten kartzelan sartu.
Erredakzioa
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJN) iragan urtarrilean Lekunberrin (Nafarroa) egindako krimena gertakariaren unean kartzelan egon behar ote zen ikertuko du.
Iragan urtarrilaren 16an, gazte bat labankadaz hil egin zuten Nafarroako herriko diskoteka bateko aparkalekuan. Biktimaren senideen abokatuak adierazi duenez, krimenaren egilea kartzelan egon behar izango litzateke aurretik egindako delituengandik.
Juan Manuel Fernández TSJNko presidenteak Justiziaren aplikazioan "huts egin ote duten" ikertuko duela agindu du.
Lekunberriko krimena Sergio Fernando Ramos de Sousa 20 urteko gazteari leporatu zioten. Sousaren kontrako lehenengoko epaia 2008an izan zen, norbaiti erasotzeagatik lau hilabete eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, baina aurrekaririk ez zuenez aske utzi zuten hurrengo bi urteetan deliturik ez egiteko baldintzarekin.
2009. urteko uztailaren 16an, gaztea berriro atxilotu egin zuten Iruñean lapurreta egiteagatik. Horren ondorioz bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina nahiz eta aske egoteko baldintza hautsi, Ramos de Sousa ez zuten kartzelan sartu bere garaian.