Gizartea -

IRAKASKUNTZAKO LAN-ESKAINTZA

Akordiorik ez irakaskuntzako lan-eskaintzaren inguruan, Nafarroan

Foru Gobernua osatzen duten lau alderdien arteko bilera akordiorik gabe amaitu zen atzo. Mendoza Hezkuntza kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuak hartuko duela azken erabakia.

Jose Luis Mendoza, Hezkuntza kontseilaria.
Jose Luis Mendoza, Hezkuntza kontseilaria.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdien arteko bilera akordiorik gabe amaitu zen atzo. Geroa Baik, EH Bilduk, Izquierda-Ezkerrak eta Podemosek irakaskuntzako Lan-Eskaintza Publikoa izan zuten eztabaidagai, Podemos eta Izquierda-Ezkerra ez datozelako bat eskaintza horretan plazen % 72 euskarazkoak izatearekin.

320 lanpostuko eskaintza publikoa iragarri zuen Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak iazko azaroan; 228 plaza euskarazkoak eta 92 gaztelaniazkoak izatea proposatu zuen. Horrek eragin du ezadostasuna Foru Gobernua osatzen duten alderdien artean. Geroa Bairen eta EH Bilduren babesa du proposamenak; ez, ordea, Podemosena eta Izquierda-Ezkerrarena. Azken bi horiek "Nafarroako errealitatea hobeto islatzen duen proposamen bat" nahi dute: bi hizkuntzatan kopuru bera eskaintzea nahi du Izquierda-Ezkerrak, eta Lehen Hezkuntzan gaztelaniazko 43 postu gehiago nahi ditu Podemosek.

Atzo proposamen horiek eztabaidatu zituzten ordu eta erdi inguru iraun zuen bileran, baina ez zuten akordiorik lortu.

Urtarrila bukatzerako egin nahi du deialdia Nafarroako Gobernuak, azterketak uda aurretik egin ahal izateko, eta epea agortzen ari dela ikusita, azken erabakia Gobernuak berak hartuko duela iragarri zuen atzo Mendoza kontseilariak, bilera egin ondoren.

"Elkarrizketarako, eztabaidarako eta proposamenetarako tartea" tartea igarota, une honetan azken erabakia hartzeko ardura Foru Gobernuari dagokiola uste du Mendozak, eta datu guztiak aztertu ondoren erabaki egokia hartzen ahaleginduko direla esan du.

Lan-eskaintza publikoak lehen ezadostasun handia eragin du Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau taldeen artean. Horren erakusgarri, atzo bertan, Mendozaren gaitzespena proposatuz UPNk eta PPk aurkeztutako mozioa eztabaidatzearen alde egin zutela Izquierda-Ezkerrako bi ordezkariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Geroa Bai Nafarroako albisteak EH Bildu Gipuzkoa Izquierda-Ezkerra alderdia Nafarroako Gobernua Podemos