Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emaztea jotzea egotzita
Emakumea ospitalera eraman dute. Usteko erasotzailea, berriz, gaur igaroko da epailearen aurretik. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
41 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, emaztea buruan jotzea egotzita.
Gasteizko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, atzo 19:30ean gertatu zen erasoa, senar-emazteek Zaramaga auzoan duten etxean. Ustezko biktimak 092 telefonora deitu zuen, senarrak eraso egin ziola eta etxetik ihes egitea lortu zuela esanez.
Patruila bat bertaratuta, agenteek ustezko erasotzailea aurkitu zuten. Gizonak ukatu egin zuen emazteari eraso egin izana; emakumeak, baina, jo egin zuela berretsi zuen.
Emakumezkoa Gasteizko ospitale batera eraman zuten, eta udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten, genero indarkeria delitua egotzita. Atxilotu zutenean, gainera, gizonezkoak aurre egin zien agenteei.
Ustezko erasotzailea gaur igaroko da epailearen aurretik.
______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.