Gizartea -

Hilketa MATXISTA Gasteizen

Rafael Catala, Montañori espetxealdi iraunkorra ezartzearen alde

Baldintzak betetzen badira neurri hori ezarriko diotela aurreratu du Justizia ministroak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Catala jarduneko Justizia ministroak aurreratu du espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarriko diotela Aliciaren ustezko hiltzaileari, baldin eta horretarako baldintzak betetzen badira.

Nolanahi ere, Catalak gaineratu du ez duela aurreratu nahi zer neurri ezarriko duten.

Neskatoa, Alicia (17 hilabete), atzo arratsaldean hil zen Gurutzetako Ospitalean. Aurreko egunean, Daniel Montañok (30 urte) ustez sexu abusuak egin zizkion, Gasteizko etxebizitza batean, eta, ondoren, leihotik bota zuen. Umearen amari (18 urte) ere eraso zion.

Horren ildotik, Justizia ministroak azaldu duenez, espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren helburua da "gizartearen arbuioa adieraztea krimen basatien aurrean, eta Zuzenbide Estatuak irmo erantzutea behar denean".

"Ez da biziarteko espetxe zigorra, berrikusgarria delako eta iraupen mugatua duelako", azaldu du ministroak, eta hainbat herrialdetan antzeko neurriak dituztela ziurtatu du.

Bestalde, Susana Camarero Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Estatu idazkariak esan du "positiboa eta egokia" litzatekeela Montañori espetxealdi iraunkorra ezartzea.

Zer da espetxealdi iraunkor berrikusgarria?

Zigor Kodearen azken erreformaren arabera, presoak askatasuna lor dezake gizarteratuta dagoela frogatzen badu,  baina 25 eta 35 urte bitartean egon beharko du kartzelan, gutxienez.

Hilketa terrorista, magnizidio, genozidio eta 16 urtetik beherakoen hilketen kasuan aplikatuko da.

Askatasun sexualen aurkako delituetan edota serieko hiltzaileen kasuan ere indarrean egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Araba EAE albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gasteiz berriak Albisteak