Gizartea -
Araba
Bi urte eta bederatzi hileko zigorra, amari tratu txarrak emateagatik
Horrez gain, zigortutako gizona ezingo da bost urtetan emakumearengana eta Maeztuko herrira hurbildu.
Agentziak | Erredakzioa
J.M.D Maeztuko (Araba) 47 urteko bizilagunak bi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra onartu du gaur amari etengabeko tratu txarrak emateagatik. Gizonak bederatzi urteko zigorra bete zuen aita kolpeka hiltzea egotzita.
Amari tratu txarrak emateagatik egin beharreko epaiketa gaur egin dute Gasteizko Zigor arloko 2. zenbakiko epaitegian. Aldeek akordioa lortu dute, eta fiskalak hasieran egindako zigor eskaera jaitsi du (lau urteko espetxe-zigorra galdegin zuen aurrena).
Gizonak urtebete darama behin-behineko espetxealdian, eta beraz, beste urtebete eta bederatzi hilabetez egon beharko da kartzelan.
Handik irtendakoan, ezingo zaio amari 200 metro baino gutxiagora hurbildu, eta Maeztu herrira ere ezingo da gerturatu. Horrez gain, emakumeari 2.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio.
Etengabeko tratu txarrak
Fiskalak egindako kalifikazioaren arabera, aita hiltzeagatik ezarritako zigorra beteta, amaren etxera joan zen bizitzera gizona. Lau urtez "etengabeko tratu txarrak" eman zizkion emakumeari.
Semeak heriotza mehatxuak egin zizkion behin baino gehiagotan eta baten, aizto batekin mehatxatu zuen. Erabat isolatuta zeukan, besteekin hitz egitea debekatuta zion eta diru-sarrera guztiak kontrolatzen zituen.
Amak ez zuen semea salatu, haren errepresalien beldur baitzen. Auzokide batzuek esandakoekin susmo txarra hartu zuen Ertzaintzak, eta horri esker, atxilotu eta kartzelatu zuten gizasemea 2015ean.