Gizartea -
Tafallako krimena
Ikerketa errepikatzea eskatu du Roberto Requenaren sendiak
Auziaren instrukzioan eta epaiketan hainbat akats eman zirela salatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Roberto Requena duela urtebete jipoi bat jasota hil zen gaztearen senideek auziaren ikerketa errepikatzea eskatu du, hainbat akats eman zirela argudiatuta.
Gaztea iazko otsailaren 10ean hil zen, Tafallako kalezulo batean jaso zuen jipoi baten ondorioz. Auzi horretan, bi gazte epaitu zituzten: bati hiru urtez adingabeentzako zentro batean egotea ezarri zioten, eta bestea absolbitu egin zuten.
Biktimaren senideek elkarretaratzea egin dute gaur, eta epaiketa egin bazuten ere, "justiziarik" egon ez dela salatu dute.
Horien esanetan, akusatuek eta horien senideek gazte kondenatuari egotzi zioten dena, "estrategia bati jarraituta". Izan ere, "adimen-atzeratasun arina" duenez, bazekiten hori "aringarria" izan zitekeela, kondena txikia lortzea helburu.
Gainera, beste akusatuak "gezurrak esan zituen hainbat aldiz", jipoian izandako parte-hartzeari buruz.
Hori dela eta, jipoiaren simulazioa egitea eskatu dute, horrela argi geratuko bailitzateke akusatu hori bertan ote zegoen (hala izan zela esan dute hainbat lekukok).
"Epaiketan argi geratu zen akusatuek mehatxu egin ziotela Robertori, eta plan bat egin zutela hura engainatzeko, eta lekukorik ez zegoen leku batera eramateko; bertan, kolpatu egin zuten bat-batean", esan dute senideek.
Bestalde, familiak salatu du absolbitu zuten gaztearen senideek mehatxuak egin dizkietela. Horregatik, neurriak hartzeko deia egin diete Tafallako Udalari eta Gaz Kalo elkarteari.