Gizartea -

INKESTA

Droga kontsumoak behera egin du 14 eta 18 urteko gazteen artean

Drogen kontsumoaren inguruan Espainiako Gobernuak bi urtean behin egiten duen inkesta kaleratu dute gaur. Horren arabera, azken bi urteotan mota guztietako drogen kontsumoak egin du behera.

Drogen kontsumoak behera egin du 14-18 urte bitarteko gazteen artean

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteen artean droga kontsumoak behera egin du "nabarmen" Espainian azken bi urteotan. Hala ondorioztatu dute, Espainiako Gobernuak aginduta, drogen kontsumoaren inguruan kaleratu berri den inkesta batean.

14 eta 18 urteko 37.486 neska-mutil galdekatu zituzten, 941 eskola publiko eta pribatutan. Alfonso Alonso Osasun ministroak jakitera eman duenez, "oro har, datuek erakusten duten joera ona da, baina ezin dugu alerta maila jaitsi. Drogen aurkako politiken alde lanean jarraitu behar dugu".

Besteak beste, inkestaren arabera, alkohol kontsumoan atzeman da beherakada nabarmena. Galdetutako gazteen % 78,9k onartu du inoiz alkohola edan izana (2013ko inkestan % 83,9k onartu zuen). Hamarretik 7,6k (% 81,9k duela bi urte) aitortu du azken urtebetean alkohola edan izana, eta hamarretik 6,8k (% 81k duela bi urte) azken hilabetean.

Astean zehar gehien edaten den alkoholdun edaria garagardoa da, eta asteburuetan konbinatuak, garagardoa eta ardoa. Legeak alkohola erosteko ezartzen duen gutxieneko adinik ez izan arren, gazte gehienek esan dute eurek erosten dutela alkohola, "arazorik gabe". Gutxi batzuek onartu dute 18 urtetik gorakoei eskatzen dietela alkoholdun edariak erosten laguntzeko. Bestalde, gazteen % 1,7k azken hilabetean egunero edan du alkohola, inkestaren arabera.

Gazteak geroz eta gutxiago mozkortzen dira, horren arabera. 14 eta 18 urte artean, emakumeek gehiago kontsumitzen dituzte edari alkoholdunak, eta gehiagotan mozkortzen dira. Kale-edanak ere behera egin du.

Alkohola, tabakoa eta kanabisa dira gehien kontsumitzen diren drogak, eta ondoren daude kokaina, estasia eta anfetaminak.

Kokainaren kontsumoak % 65 egin du behera nerabeen artean azken 10 urteotan, eta kanabisarenak % 33. Bi urtean behin egiten du azterketa hori Espainiako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Drogak gaur Espainiako Gobernua Gizartea albisteak Eguneko albisteak