Gizartea -

Iragarpena

Negu giroa, igandetik aurrera

Aire hotza izango dugu goietan, eta horrek ekaitzak eta txingorra ekarriko ditu. Elurra 700-800 metroan botako du igande gauean.

Astelehenerako 500 metrotan bota dezake elurra. Argazkia: Victor Uriarte
Astelehenerako 500 metrotan bota dezake elurra. Argazkia: Victor Uriarte

E.GARAIKOETXEA | EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negua, edo hobeto esanda, urtaro horren araberako eguraldia, izango dugu otsailaren 14tik aurrera. Aire hotza izango dugu goietan, eta horrek ezegonkortasuna ekarriko du denera. Zaparrada ugariak, hotza eta ipar-mendebaldeko haize boladak iragarri ditu egun horretarako Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Elur maila 700-800 metroan kokatuko da egunaren amaieran.

Larunbatean, atseden txiki bat emango digu eguraldiak, goizean eta gauean euria espero bada ere. Gainerakoan, zerua nahiko garbi egongo da, eta tenperaturak oso atseginak izango dira urteko sasoi honetarako: 18-19 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 16-17koak, barnealdean.

Igandean, baina, okertzera egingo du aroak. Goizean goizetik, hodeiak izango ditugu zeruan, baina txarrena arratsalderako dago iragarrita. Gogotik egingo du euria, eta txingorra ere bota lezake. Elur maila jaisten joango da, eta 700-800 metroan kokatuko da eguna amaitzerako.

Aldaketarik ez da espero astelehenerako. Joeraren arabera, 500-600 metroan ere zuritu lezake goizean zehar. Gainerakoan, zaparradak izango dira nonahi, eta tenperaturek beheranzko bidean jarraituko dute. Astearterako, prezipitazio gutxiago iragarri dute modeloek, baina termometroak behera egingo duenez, elur maila ere gehiago jaitsi liteke.

Itsasoan ere ez da giro. Kostaldea abisu horian dago, itsasaldeko arriskuagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Bilbao Elurra Gaurko azken ordukoa