Gizartea -
Bizkaia
Gizon batek martxan zegoen auto batetik bota du emaztea, Barakaldon
Ertzaintzak 31 urteko ustezko erasotzailea atxilotu du, genero indarkeria delitua leporatuta. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
31 urteko gizonezko bat atxilotu dute Barakaldon, genero indarkeria delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Ustezko erasotzaileak martxan zegoen auto batetik bota zuen emaztea eta, ondorioz, ia konorterik gabe gelditu zen galtzadaren gainean.
Segurtasun Sailak zabaldutako oharraren arabera, astelehen goizaldeko laurak aldera gertatu zen erasoa Barakaldoko Balejo kalean. Zenbait lekukok ohartarazi zuten Ertzaintza, emakume bat martxan zegoen auto batetik bota zutela eta lurrean etzanda zegoela esanez.
Biktima anbulantzian eraman zuten ospitale batera. Geroago, bertaratutako ertzainek biktimaren senarra identifikatu eta, ustez, erasoa gertatu zen ibilgailua topatu zuten.
Lehen ikerketen arabera, bikoteak izandako eztabaida baten ondotik ibilgailua gelditzeko eskatu zion emakumeak gizonari. Biktima autotik jaistera zihoala, -oraindik autoa erabat geldituta ez zegoela- gizonak emakumeari bultza egin eta azeleratu egin zuen, emakumea autotik kanporatuz. Biktima lurrean gelditu zen, zaurituta eta anbulantzian Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Emakumeak haustura bat du gerrialdean beste hainbat zauriren artean.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.