Gizartea -
Seseñako krimenaren ostean
Adingabeen Legea "berrikustea" ez du baztertu Rubalcabak
Gai hauek "bero-berotan" aztertu behar ez direla adierazi du Francisco Caamaño Justizia ministroak. Bestalde, Erreformak planteatzeko nahikoa "denbora izan" dela esan du PPk.
Erredakzioa
Krimen larriak egiten dituzten adingabeak zigortzeko Zigor Kodea "berrikustea" ez du baztertu Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, Cristina Martinen aurka Seseñan (Toledo) egindakoa adibidez. Hala ere, "hileten irteeran erreformak proposatzen" dituztenak gogor kritikatu ditu, Adingabeen Legea gogortzeko PPk egindako proposamenari erreferentzia eginez.
Gainera, gai hauek "bero-berotan" aztertu behar ez direla azaldu du Francisco Caamaño Justizia ministroak. Alderdi Popularra ez dator bat adierazpen horiekin eta sozialistek hitz berdinak esan zituztenetik "hilabete asko pasa" direla esan du PPk, adingabeek egindako beste delitu bat aprobetxatuz.
"Berriz aztertu behar baldin bada, berriro aztertuko dugu", adierazi du Rubalcabak, baina eztabaida "lasaitasunez" eta "datuak ezagutuz" egin behar dela erantsi du. "Guztia eztabaida daiteke, baina ez sofritzen ari denari gorrotoa areagotzeko, sufrimendu hori beste era batera konpontzen delako", azpimarratu du.
Bestalde, adingabeek egindako delituez berotan eztabaidatzea ezinezkoa dela esateari utz dezala eskatu dio Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak PSOEri, "sozialistek esaldi bera esan zutenetik hilabete asko igaro direlako", ondorioz, "Adingabeen Legearen erreformak planteatzeko nahikoa denbora izan da".