Gizartea -
HUESCA
A-23 errepidea itxita dago Nuenon, luizi handi baten ondorioz
Atzo 21:00ak inguruan izan zen lur-jausia, eta harkaitz zati handiak ere erori ziren bidera. Bi auto harrapatu zituen luiziak, eta pertsona bat arin zauritu zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
A-23 autobidea itxita dago Nueno (Huesca) parean, atzo iluntzean izandako luizi handi baten ondorioz. 377 kilometroan izan zen lur-jausia, eta harkaitz zati handiak ere erori ziren bidera.
Atzo 21:00ak inguruan izan zen luizia, eta bi ibilgailu harrapatu zituen. Pertsona bat arin zauritu zen.
Errepide osoa lurrez eta harkaitzez estalita geratu zen, bi noranzkoetan, eta auto-ilara luzeak sortu ziren. Ondorioz, Ayerbetik bideratu zuten trafikoa.
Lehen ikerketen arabera, aurreko asteotan izandako euriteek "ahuldu" egin dute mendi-hegala, eta horrek eragin du lur-jausia.
Teknikariak ingurua aztertzen ari dira, eta emaitzak esku artean izan arte ez dira errepidea garbitzen hasiko.