Gizartea -

Mungiako hilketa

Akusatua matxista dela eta Andina bortxatzen zuela esan dute lekukoek

Bikotearen lagunek epaiketan deklaratu dutenez, ustezko hiltzailea “oso jeloskorra” eta “matxista” zen. Gainera, biktimaren seme-alabek beldurra ziotela adierazi dute.

Ustezko hiltzailea epaiketan. Argazkia: EFE
Ustezko hiltzailea epaiketan. Argazkia: EFE
Perituek hilketarekin lotu dute akusatua

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Andoniri bere neskalagun ohia, Andina, hiltzea leporatzen diote. Gertakariak 2014an gertatu ziren, Mungian. Epaiketa herri-epaimahaiarekin egiten ari dira Bizkaiko Auzitegian, eta gaur izan da bigarren saioan. Ustezko hiltzailearen eta biktimaren lagunek deklaratu dute.

Joseba Andoni “matxista” eta “oso jeloskorra” dela adierazi dute. Gainera, elkarrekin bizi izan ziren bitartean Andina bortxatu egiten zuela eta biktimaren seme-alabek beldurra ziotela kontatu dute.

Lekukoen arabera, Joseba Andonik ez zuen onartu Andinak harremana amaitu izana eta jazarri egiten zuen. “Egunero lantokira joaten zitzaion bila, Andinak ikusi nahi ez zuen arren”, esan dute.

Azaldu dutenez, Andinak berak aitortu zien elkarrekin bizi izan ziren bi urteetan bortxatu egiten zuela, eta haren irainak eta mehatxuak jasan behar izan zituela. Harremana hausteko urratsa ematea asko kostatu zitzaion, “umeei zerbait egingo zienaren beldurrez”.

“Kaletik hara eta hona begira zihoan beti”, deitoratu du lekuko batek. “Oso jeloskorra zen; berak edonori begiratu ziezaiokeen, baina Andinak ez”, erantsi du.

Akusatuaren lagun batek adierazi du Joseba Andonorengandik urruntzea erabaki zuela, neskalagunari tratu txarrak ematen zizkiola jakin zuenean. Harremana uzteko gomendatu zion orduan Andinari.

Bestalde, biktimaren familiaren abokatuak esan du homizidioa eta etxean indarrez sartzea egozteaz gain, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak eskatu bezala, Joseba Andoniri tratu txarrak etengabe eman izana ere leporatuko diotela. Horrek hiru urteko zigorra gehitzea ekarriko luke. Hasiera batean 19 urte eta erdiko espetxealdia eskatu zuten harentzat.

Biktimaren seme-alaben kargu egin ziren Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetako arduradunak eta psikologoak berretsi egin dute haurrak amaren bikotekidearen beldur zirela.

Biktimaren atzazalen azpian ustezko hiltzailearen DNA arrastoak topatu zituzten; hilketaren egunean akusatuak zeramatzan galtzerdietan, berriz, Adinaren DNA aztarnak aurkitu zituzten.

Atxilotu eta gero, Palentziako Dueñas kartzelan espetxeratu zuten Joseba Andoni. Han artatu zuen medikuak ere deklaratu du epaiketan, bideokonferentzia bidez. Medikuaren arabera, “gaitasun psikologikoak bere horretan ditu eta egiten duenaz kontziente da”.

Epaiketa ostiral honetan amaituko da, auzitegiko medikuen testigantzekin eta aldeek behin betiko txostenen irakurketarekin. Ondoren herri-epaimahaiak gogoeta egingo du, ebazpena emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gaurko albisteak Bizkaia Mungia berriak Delituak bideoak Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa Erailketak albisteak