Gizartea -

'Panamako paperak'

'2008a baino lehen hartutako erabakiak ez ziren zuzenenak izan'

Jokin Aperribayk argitu du Realak ez duela inolako sozietaterik Panaman eta jokalarien federazio-eskubideak Holandako sozietate baten bitartez ordaintzen zituela.

Jokin Aperribay Realako presidentea Radio Euskadin izan da. Argazkia: EiTB
Jokin Aperribay Realako presidentea Radio Euskadin izan da. Argazkia: EiTB
Jokin Aperribay Realako presidentea Radio Euskadin izan da. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Aperribay Realaren presidenteak aitortu du “2008a baino lehen hartu ziren erabakiak” ez zirela zuzenenak izan. Hala ere, ziur agertu da  “gainerako klubek bezala” jarduten ari zirela eta egindakoa “bidezkoa“ zela pentsatuz egin zutela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, 'Panamako paperen' inguruan azalpenak eman ditu Realeko presidenteak.

Aperribayk azpimarratu du klubak ez daukala inolako sozietaterik Panaman eta jokalarien federazio-eskubideak Holandako sozietate baten bitartez ordaintzen zituela Realak. “Gainerako klubek bezala jarduten ari ginela pentsatuz eta hala egin zitekeenaren konbentzimenduz egin ziren gauzak horrela”, erantsi du.

Gainera, Realak Ogasunarekiko dituen obligazio guztiak “eguneratuta” daudela eta 23,5 milioiko zorretik jada 14 milioi itzuli dituela nabarmendu du.

“Holandako sozietate horrek beste sozietate batzuen bidez erosten zituen federazio-eskubideak; jokalariek sozietate horiekin egin zutena, Realak ez daki”, erantsi du.

“Garai hartan oso ohikoa zen jokalariei irudi-eskubideengatik ordaintzea; gaur ere hala da, baina euskal taldeok ez dugu horrela jarduteko ohiturarik. Baina orduan ez zegoen mugarik irudi-eskubideak erosterakoan; irudi-eskubideak eros zenitzakeen moduan, jokalarien federazio-eskubideak ere erosi ahal ziren. Irudi-eskubide horiek euren sozietateen bitartez Holandako sozietatean esku uzten zituzten eta Realak sozietate horri erosten zizkion eskubideak”, azaldu du.

Aperribayren esanetan, klubean ziur daude 2009tik aurrera egindakoak “behar bezala azalduta” daudela, hartzekodunen konkurtsoa egin ostean eta instituzioekin akordioak lortu ondoren.

Horrenbestez, Realak kontu guztiak eguneratuta dituela berretsi du. 2011-2015 epealdian Ogasunari 87 milioi euro ordaindu dizkiola adierazi du eta aurten 23 milioi euro gehiago ordaintzea aurreikusita dutela erantsi du.

Ildo horretan, Ogasunarekin zituen zor guztiak ordaintzen ari direla nabarmendu du.

“Ikuskaritzak ondorioztatu zuen federazio-eskubideengatik egindako ordainketak gaizki egin zirela, lan-errenta bezala egin behar zirelako”, azaldu du.

Guztira, zorra 23,5 milioikoa zelan ondorioztatu zuen Ogasunak. “Sei hilabetetan 14 milioi ordaindu ditugu jada”, azpimarratu du Aperribayk.

Zorraren kitapenik izan ez zela ere esan du. Aitzitik, 2011n, zorra barkatzeko eskatu zioten Ogasunari, Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Nazionalak delitu penalik eta engainurik izan ez zela ebatzi zutela kontuan hartuta. Futbolean ohiko jarduera zela eta egin beharrekoa egoera fiskala erregularizatzea zela ondorioztatu zuten epaitegiek.

Gauzak horrela, Aperribayk onartu du 2008a baino lehen hartu zituzten erabakiak ez zirela zuzenenak izan, baina gauzak ongi eta gainerako klub guztiak bezala egiten ari zirela konbentzituta zeudela erantsi du.

Amaitzeko, Realako presidentearen iritzian, egun ez da antzeko jarduerarik ematen, “Ligak ezarritako kontrol ekonomikoa eta araudia oso zorrotzak direlako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Reala Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken ordukoa