Gizartea -
Ustezko sexu-erasoa
7 urte eskatu dituzte gizon batentzat neskato bati musu emateagatik
Biktimak 10 urte zituen, ustezko erasoa Izarran gertatu zenean. Fiskaltzaren iritziz, jazotakoa sexu-erasotzat har daiteke
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Fiskaltzak 7 urte eta 4 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du gizon batentzat, adingabe bati sexu-erasoa egitea egozten baitiote. Izan ere, musu eman zion ahoan 10 urteko neskato bati taberna batean.
Datorren astean epaituko dute ustezko erasoa Arabako Lurralde Auzitegian. 2014ko apirilaren 6an jazo zen, Izarran, taberna batean.
Fiskalak egindako akusazio-idazkian (Efek aztertu ahal izan du), "akusatuak, gaitzesgarrienak izan daitezkeen sexu-senek bultzatuta", ustez gogor heldu zion neskatoari, eta ahoan eman zion musu, mihia sartuta.
13 urte baino gutxiagoko adingabe baten aurkako ustezko sexu-erasoa
Fiskaltzaren iritziz, jazotakoa 13 urte baino gutxiagoko adingabe baten aurkako ustezko sexu-erasoa izan liteke, eta, hortaz, 7 urte eta 4 hilabete eskatzen dituzte; halaber, eskatu ere eskatu dute 8 urtean 300 metrotik baino hurbilago ez gerturatzeko.
Fiskaltzak eskatu ere eskatzen du gizonari debekatzea 8 urte horietan inolako komunikaziorik izatea neskarekin. Gainera, 4.000 euroko kalte-ordainketa proposatzen du, eragindako min moralengatik.