Gizartea -

Islandiako erupzioa

Konpainiek bidaia-txartelen zenbateko osoa itzuli beharra dute

- Europako hegaldi guztiak, bertan behera Bilbon.

- Europako hainbat herrialde aire eremuak zabaltzen hasi dira, baina beste hodei batek zalantza ugari eratu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aire konpainiek bidaia-txartelen zenbateko osoa itzuli beharra die, aireportuetako tasak barne, errauts lainoak hegaldirik gabe utzi dituen bidaiari guztiei, Europako Batzordearen arabera.

"Itzulketak bidaia-txartelagatik ordaindutako zenbateko osoa izan behar du", adierazi du prentsaurrekoan Helen Kearns Europako Batzordeko Garraio alorreko bozeramaileak.

Kearnsek ez du argitu Ryanair bezalako konpainiek hartutako erabakia, bidaia-txartelen zenbateko osoa ez itzultzea, legezkoa ote den. "Ez ditut Ryanairren proposamenaren xehetasunak ezagutzen, baina hau da Europako araudia", gaineratu du.

Prezio merkean bidaia-txartelak saltzen dituen konpainiak bidaia-txartelaren zenbatekoa hurrengo bidaia batean deskontatzea proposatzen die bidaiariei, eta praktikan (bidaiariak ez badu Ryanairrekin beste hegaldirik egin nahi) zenbatekoaren zati bat galtzea ekar lezake.

Kaltetuek itzulketa jaso ala bidaiarekin jarraitu erabaki lezakete, eta bigarrena aukeratzekotan, aire-konpainiak dietak eta lotarako lekua ordaindu behar die.

Bidaiariak txartela bidaia-agentzia baten bitartez erosi badu, egoera zailagoa da, Kearnsen esanetan, kasu bakoitza aztertu behar dela esan du.

Kaltetutako konpainiei, laguntzak

Europako Batzordearen arabera, orain arte herri batek ere ez, ez du esan laguntzak emango dituen ala ez.

"Ez da egon laguntza eskaririk", Jonathan Todd Europako Batzordearen bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez.

2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean AEBetan onartutako laguntzen antzeko neurriak hartzeko prest dagoela esan zuen atzo EBk. Dena den, Europar Batasuneko herri kideak dira laguntzak eman behar dituztenak eta Bruselari aurkeztu behar dizkotenak. Hala ere, Europako Aireportuetako Batzordeak eta Europako Airelinien Erakundeak laguntzak eskatu dituzte galerei aurre egiteko.

Bilbo-Europa, bertan behera

Gaurko Loiuko aireportuaren (Bilbo) eta Europaren artean aurreikusita zeuden hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte Islandiako sumendiak eratutako errauts hodeiaren ondorioz, Dusseldorfetik (Alemania) etorri den eta Bizkaiko hiriburuan lurreratu den hegazkin bat salbu, Aenaren iturriek informatu dutenez.

Hainbat herrialde euren aire eremuak zabaltzen hasi badira ere, Bilboko aireportuan Londres, Paris, Frankfurt, Munich, Sttutgart eta Dusseldorf helmuga edo abiapuntu zituzten 21 hegaldi utzi dituzte bertan behera.

Europatik iritsi den hegazkin bakarra (Dusseldorfetik etorri den Air Berlin konpainiako bat) gaur goizean lurreratu da, baina ondoren Mallorcara abiatu da.

Aenaren iturriek zehaztu dute luze emango duela nazioarteko hegaldiak berreskuratzea Bilbon, baina Estatu barruko hegaldietan normal ari dira, azken egunetan atzerapen ugari jazo eta gero.

Forondan (Gasteiz), Hondarribian (Gipuzkoa) eta Noainen (Iruña) ez dago arazorik.

Estatu osoan, gaurko aurreikusita zeuden 5.249 hegaldietako 885 geratu dira atera ezinik.

Hodeia, Artikora bidean

Bien bitartean, errauts hodeiak norabidea aldatu du, eta orain Artikora bidean dago. Hala jarraituz gero, baliteke aire zirkulazioaren egoera hobetzea Europan.

Meteorologiaren Mundu Erakundeak informatu duenez, Islandian jaitsi egingo dira presioak asteburuan, eta ondorioz haizea indartu egingo da.

Halaber, behe presio horien ondorioz euria egingo du, eta errautsa "garbitu" egingo da altitude baxuetan.

Orain arte, inguru hartan dagoen antizikloiak ez du lagundu errauts hodeia suspertzen.

Beste hodei batek zalantza zabaldu du berriro Europan

Europako hainbat herrialde euren aire eremuak berriz zabaltzen hasi dira gaur goizean, eta hala, gaur hegaldien %40-45 abiatzea espero dute, atzo Europar Batasuneko Garraio ministroek adostu bezala.

Belgikak, Frantziak, Suitzak, Italiak eta beste hainbat herrialdek euren eremua zabaldu dute jada, Islandiako sumendiaren erupzioaren ondorioz itxita izan eta gero.

Dena dela, zientzialariek beste errauts hodei bat atzeman dute Erresuma Baturako bidean, eta baliteke zailtzea aireportuen egoera normaltzeko prozesua.

Erresuma Batuak gaur goizean ireki behar zuen bere aire eremua, baina azkenean 20:00ak arte luzatu du itxiera.

Eurocontrolek hiru herrialdetara mugatu du hegan egiteko debekua

Bere aldetik, Aire Nabigazioaren Segurtasunerako Europar Agentziak (Eurocontrol) Danimarkara, Irlandako mendebaldera eta Suediako hegoaldera mugatu du hegan egiteko debekua, Europar Batasuneko txandakako Presidentetza espainiarrak informatu duenez.

Ondoko herrialdeen aire eremuak zabalik izango dira: Espainia, Herbehereak, Suitza, Belgika, Polonia, Bulgaria, Kroazia, Hungaria, Txekiar Errepublika, Austria, Errumania, Serbia eta Ukraina.

Gainerako herrialdeetan Gobernuek eurek erabaki dezakete zer egin.

Ontzi militar bat Santanderren, turistak hartzeko

Bestalde, Erresuma Batuko Armadaren ontzi bat Santanderreko portuan dago, Afganistandik bueltan diren 570 soldadu eta Espainian harrapatuta geratu diren 250 turista hartzeko.

HMS Albion ontzia goizeko lehen ordua porturatu da, eta harrezkero etxera eramango dituen 820 bidaiariak barrura sartzen hasi dira. Hornikuntza jaso eta gero, Portsmouthera abiatuko da.

Informazio telefonoak

Errauts hodeiak eragindako kaosa dela eta, AENAk konpainiekin harremanetan jartzea gomendatu die bidaiariei. Hauek dira informazio telefonoak:

- 902 404 704- 91 321 10 00

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea