Gizartea -
LEGAZPI
Espetxean dira Legazpiko lapurretarekin lotuta atxilotutako bi gizonak
46 urteko gizoneko bat hil zen larunbatean, ustez, bi lapurrek, Legazpin, emandako kolpeen ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legazpin izandako indarkeriazko lapurretarekin lotuta atxilotutako bi gizonezkoak Martuteneko espetxean dira, atzo arratsaldetik. Larunbat goizaldean, Santikutz jaietan, indarkeria erabilita lapurreta egin zioten 46 urteko gizonezko bati, eta handik ordu gutxira hil egin zen biktima Donostiako Ospitalean.
Larunbatean atxilotu zituzten ustezko bi erasotzaileak, eta epailearen aurrean deklaratu ondoren, igande goizean aske utzi zituzten. Atzo arratsaldean baina, gorpuari autopsia egin ostean, berriro atxilotzeko agindua eman zuen epaileak
Larunbat goizaldeko 02:30ak aldera gertatu zen erasoa. Legazpin, jaiak direla-eta zaintza lanak egiten ari ziren ertzainek buruan kolpe handia zuen gizonezko bat topatu zuten elizaren atarian.
Biktima, sortzez usurbildarra eta Legazpin bizi zen 46 urteko gizona, konorterik gabe zegoela ikusita, ertzainek hura suspertzeko maniobrak egin zizkioten. Larrialdi zerbitzuetako langileek zauritua egonkortzea lortu, eta, ondoren Donostia ospitalera eraman zuten. Bertan zendu zen.
Lekukoen testigantzari esker, ertzainek 19 eta 30 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten, eta horietako bati biktimaren dokumentazioa eta kreditu txartela atzeman zizkioten.
Gaur arratsaldean egingo da biktimaren aldeko hileta-elizkizuna, Usurbilen.