Gizartea -

Errauts hodeia

Garraio alternatiboek hazkunde handia izan dute, hodeiaren ondorioz

Ferryetako bidaiariak, adibidez, %150 ugaritu dira azken astean. Bestalde, AENAk ziurtatu du aireportuak "ia %100ean" daudela jada lanean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako aireportuek ohiko jarduera berreskuratuko dute gaur. Izan ere, hegaldien ia % 100 aireratzea espero dute, azken zazpi egunetan arazoak izan ostean, Eurocontrol Aire Segurtasunerako Agentzia Europarrak jakitera eman duenez.

"Ostegunean, aire zirkulazioaren % 100 zirkulatzea aurrikusi dugu", azaldu du erakundeak agiri batean.

Atzo aurrikusitako hegaldien % 80 aireratu ziren, 28.000 hegazkin guztira.

Hiru hegaldi bertan behera Bilbon, 39 Estatu osoan

Bilboko aireportuan hiru hegaldi geratu dira gaur goizean bertan behera, baina azkenak izatea espero du AENAk.

Hain zuzen ere, Frankfurterako, Municherako eta Bruselarako hiru hegaldi geratu dira abiatu ezinik.

Hondarribian (Gipuzkoa) eta Forondan (Gasteiz) ez dago arazorik.

Estatu osoan 39 hegaldi baino ez dira geratu bertan behera, hots, gaurko aurreikusita dauden 5.254en %1 bakarrik.

Hori horrela, Juan Ignacio Lema AENAko presidenteak ziurtatu du aireportuak "ia %100ean" daudela jada lanean.

Garraio alternatiboen hazkunde "handia"

Aire eremuen itxiera oso kaltegarria izan da airelineentzat, baina gainerako garraio motek onuragarri izan dute, Logitravel bidaia-agentziaren arabera "hazkunde handia" izan baitute.

Ferryek izan dute goraka handien, % 150 handitu baitituzte bidaiarien kopurua.

Dena dela, Tomeu Bennasar agentziako presidentearen esanetan, "garraio alternatibo guztiak" egon dira lepo.

Turismoaren eta airelineen galerak

Arlo ekonomikoari dagokionez, errauts hodeiak hegazkinei eragiten jarraitzen baldin badie Europako sektore turistikoak astero 7.500 milioi euro galduko dituela ohartarazi du Erste Bank Austriako banketxeak.

Oraingoz, lehen balantzea IATA erakundeak egin du. Bere esanetan, airelineek 1.700 milioi dolar (1.300 milioi euro) galdu dituzte sumendiaren krisiaren ondorioz.

"Eta txarrena zera da, krisiak abiazio zibilaren % 29an eta 1,2 milioi bidaiaritan izan duela eragina", esan du Giovanni Bisignani IATAko zuzendari nagusiak.

Erakundeak gogorarazi du krisi hau irailaren 11koa baino larriagoa izan dela, eta aire eremua itxi izana erabaki txarra izan dela esan die Europako Gobernuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea