Gizartea -
Indarkeria matxista
Artatu egin dute semearen etxeko lanetan laguntza eskatu zuen emakumea
Biktima laguntza psikologikoa, soziolaborala eta juridikoa jasotzen ari da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Semearen eskolako lanetan tratu txarrak pairatzen ari zela ohartarazteko gutun bat ezkutatu zuen emakumea laguntza psikologikoa, soziolaborala eta juridikoa jasotzen ari da, Emakumearen Andaluziako Institutuak jakinarazi duenez.
Sur egunkariak emakumearen gutuna publikatu du gaur: "Laguntza eskatzeko idatzi dizut gutun hau. Seme-alabak eta ni senarraren indarkeriaren biktima gara. Ezin dut salaketa jarri uneoro harekin nagoelako, eta giltza ezkutatzen didalako zerbait susmatzen duenean".
Emakumea Benalmadenan (Malaga) bizi da. Horren esanetan, Uruguain bizi zirenean ere ezin izan zuen salaketa jarri, "gizarte matxista batean antzua baita jartzea".
ABC egunkariaren arabera, gizonezkoak ez zuen emakumea kalera irteten uzten, ezta beste edozein pertsonarekin hitz egiten ere.
Halaber, sakelako telefonoa begiratzen zion, eta galarazi egiten zion sare sozialetan sartzea. Emakumea itotzen ere saiatu zen, eta haren oheari erregaia bota eta su eman zion.
Gizona atxilotu egin zuten, baina aske geratu da. Hori bai, urruntzeko agindua eta kontrol gailu bat ezarri dizkiote.
______________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.