Gizartea -
Bartzelona
Enpresari bat hiltzeaz akusatutako mossoak ez dira kartzelara joango
Juan Andres Benitez enpresariaren homizidioagatik auzipetutako sei mossoek bi urte baino gutxiagoko zigorra onartu dute eta, ondorioz, espetxean sartzea saihestuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Andres Benitez enpresaria Esquadra Mossoek Bartzelonako Raval auzoan atxilotu ostean hil zen. Sei agente auzipetu zituzten, homizidioa leporatuta. Epaiketa gaur goizean hasi behar zen, baina azken orduan akordioa izan da eta kartzelan sartzea saihestuko dute.
Auzipetuek bi urte baino gutxiagoko zigorra onartu dute eta, ondorioz, ez dituzte espetxera eramango. Biktimaren familiari 150.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote, zigorrak iraun bitartean karguz kanpo egongo dira eta lanera bueltatzean bost urtez egongo dira patruila-lanak egin barik.
Alde guztien artean egin dute akordioa, baina orain epaileak berretsi egin beharko du.
Epaiketa goizean zen hastekoa, herri epai-mahai batekin, baina azken unean ezusteko akordioa izan da, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak akusazio partikularra (Giza Eskubideen aldeko Kataluniako Elkartea) prozesu judizialetik kanporatzen baztertu ostean.