Gizartea -

Indarkeria matxista

Zigorra, bikotekideari ilea mozteagatik eta eskaileratik botatzeagatik

Erasotzaileak komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu, 112 egunetan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat zigortu dute bikotekideari ilea indarrez mozteagatik eta eskaileratatik behera botatzeagatik. Komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu, 112 egunetan.

Ebazpenaren arabera, gertakariak 2013ko maiatzaren 24an jazo ziren, 07:00ak aldera, bikoteak Hondarribian zuen etxebizitzan.

Gizonezkoak emakumezkoa lurrera bota zuen eta, iletik tira egin ostean, hainbat ukabilkada eman zizkion aurpegian. Jarraian, artaziak hartu zituen eta ilea indarrez moztu zion. “Haginak kolpeka aterako dizkizut, eta, dirurik eman ezean, artaziak begian sartuko dizkizut”, oihukatuz mehatxu egin zion.

Emakumeak etxetik ihes egitea lortu zuen, baina erasotzaileak atarian harrapatu egin zuen eta eskaileratatik behera bultza egin zion.

Egun horretan bertan, epaitegi batek biktima babesteko agindua eman zuen. Prozesu judizialean, baina, emakumeak uko egin zion bikotekidearen kontra ekinbide penalak eta zibilak abiarazteari.

Donostian egindako epaiketak, akusatuak onartu egin zuen Fiskaltzak bere aurka eskatutako 112 egunetako gizarte-lanak egiteko zigorra. Tratu txarrak ematea eta mehatxu arinak egitea egotzi zioten.

Urtebetez debekatuta izango du emakumearengana hurbiltzea eta harekin komunikatzea.

____________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Hondarribia bideoak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa