Gizartea -
KOLONBIA
Salud Hernandez ELN gerrillarekin egon daiteke, erreportaje bat egiten
Kolonbiako presidenteak aurreratu duenez, eskura duen azken informazioaren arabera, baliteke kazetari espainiarra Nazio Askapenerako Armadarekin egotea, lanean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Salud Hernandez-Mora kazetari espainiarraren egoerari buruz datu berriak zabaldu ditu Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. Horren hitzetan, eskura dituen azken datuen arabera, Nazio Askapenerako Armadarekin egon daiteke kazetari espainiarra, erreportaje bat egiten. Antza, oihanera joan zen, gerrillako kideekin biltzera. Dena dela, informazio horren baieztapen ofizialik ez dutela ziurtatu du Santosek.
"Salud Hernandezi buruz dudan azken informazioa hauxe da; bere kabuz joan zen ELN gerrillarekin, kazetari-lana egitera. Orain, kazetaria aske nola utzi aztertzen ari da ELN. Informazio hori guztia baieztatzen ari gara", esan du Santosek, Kolonbiako Choco departamendura egin duen bisitan.
Joan den larunbatean ikusi zuten kazetaria azkenekoz, Tarra herrian, Catatumbo eskualdean. El Mundo eta El Tiempo egunkarietako kolaboratzailea da Hernandez, eta lanean ari zen.
Santosek gaur zabaldutako informazioak Hernandez onik aurkitzeko itxaropena piztu duen arren, presidenteak berak onartu du Kolonbiako Gobernuak ez duela informazioa baieztatzerik lortu.
"Informazio hori, halere, logikoa da. Hernandezek berak jakinarazi zion, besteak beste, El Tiempoko zuzendariari lanera zihoala eskualde horretara. Badirudi, orain, inkomunikatuta dagoela", esan du presidenteak.