Gizartea -
Galizia
Gorenak zaintza partekatua ukatu dio tratu txar emaile bati
Epaileak frogatutzat eman du gizona "abusatzailea" zela emazte ohiarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du Carballo herriko (A Coruña, Galizia) aita bati onartutako 7 urteko semearen zaintza partekatua, emazteari tratu txarrak emateagatik. "Horrek galarazi egiten du bikotekide ohiarekin kolaborazioa izateko beharra", argudiatu dute epaileek.
Senar-emazteak emakumeak eskatuta dibortziatu ziren, eta epaileak semearen zaintza partekatua ezarri zien.
Hori horrela, emakumeak auzitara jo zuen, baina A Coruñako Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen epailearen erabakia. Orain, Gorenak baliogabe utzi du zaintza partekatua, eta amari eman dio zaintza osoa.
Gorenak frogatutzat jo du gizona "abusatzailea" izan dela emakumearekin, eta ebatzi du "pentsaezina" dela kasu horretan zaintza partekatua bideragarria izatea, sistema horrek "elkarrekiko errespetua" behar baitu.
Aitaren aurka prozedura penala ere dago martxan, genero indarkeria zantzuak baitaude horren kontra, baina oraindik ez da atera epaia.
Auzi judizial horretan frogatu daitekeenaz aparte, Gorenak gogorarazi du dibortzio epaian frogatutzat ematen dela "errespetu falta" dagoela aitaren partetik.
Horregatik, egokiena zaintza partekatua ez ematea dela erabaki du Gorenak, adingabeak "bizikidetza sistema baketsua eta egonkorra" behar duelako.