Gizartea -
Indarkeria matxista Gasteizen
Gasteizko epailearen aurkako kexua artxibatzea errekurrituko dute
Clara Campoamor elkartearen iritzian, "onartezina" da tratu txarren biktima bati "hankak ondo itxi ote zituen" galdetu zion epailearen jarrera justifikatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak (CGPJ) artxibatu egin du Maria del Carmen Molina Mansilla Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko Gasteizko 1. Instrukzio-epailearen aurka irekitako ikerketa informatiboa, martxoan Clara Campoamor elkarteak haren aurkako salaketa jarri eta gero. Epaile horrek sexu erasoak salatu zituen emakume bat galdekatu zuen martxoan, eta "hankak ondo itxi" ote zituen galdetu zion.
Hain justu, CGPJren erabakiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri du astearte honetan Clara Campoamor elkarte feministak. Ohar batean, epaileen erakunde gorenak Gasteizko magistratuaren jarrera justifikatzea "onartezina" dela esan du Blanca Estrella Ruiz elkarteko presidenteak. Epaile honen jokaera defendatzeko "lan karga gehiegizkoa" aipatu zuen CGPJk, eta epailea "oso nekatuta" zegoela.
Clara Campoamorrek berak jo zuen Botere Judizialeko Kontseilu Nagusira Gasteizko epaile honen jarrera salatzera, genero indarkeriaren biktimen "eskubideak behin eta berriz urratu" zituela argudiatuta. Elkarte feministak idatzian jaso zuenez, otsailaren 16an tratu txar eta fisikoak salatu zituen emakumeak Gasteizko Udaltzaingoaren aurrean. Epaileak biktima galdekatu zuenean, sexu erasoen aurrean "aurka egin" ote zuen itaundu zion, eta hitzez hitz, honakoa galdetu zion: "Itxi al zenituen ondo hankak, zure emakumezko organoen ingurua itxi al zenuen?"
Kexu hori artxibatzea erabaki zuen atzo CGPJk. Epaileen ustez, "ondo" egin zuen Gasteizko magistratuak hori galdetuta. Deklarazioaren grabazioa entzun eta gero, eta "testuingururik gabe, adierazpenak egokiak ez direla diruditen arren", itauna "beharrezkoa" zela ebatzi du Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak.
Biktimari entzun gabe
Clara Campoamor elkartearen ustez, ordea, jarrera mota hauek "ezin dira babestu". "Erantzukizunak argitu beharrean", CGPJri "bere kide batek egindakoa justifikatzen eta minimizatzen" ibiltzea egotzi dio elkarteak, eta, horrela, "epaileek inpunitate osoa dutenaren ustea" baino ez du berretsi.
Elkarte feministak salatu duenez, CGPJren ebazpenak "magistratuak esandakoak bakarrik jaso ditu, emakumeari entzun ere egin gabe". Clara Campoamorreko presidentearen hitzetan, hori "erabat onartezina" da.
Clara Campoamorren hitzetan, Gasteizko epaile honen kontrako kexu gehiago daude, bai idatziz zein ahoz.