Gizartea -
Osakidetza
4 urteko ume bat hil da Gurutzetako Ospitalean, barizelagatik
Mutikoarekin harreman zuzena izan duten pertsonei prebentzio protokoloa abiatu diete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko 4 urteko mutil bat hil da asteazken honetan Gurutzetako Ospitalean, barizelak shock septiko bat eraginda, Osakidetzak jakinarazi duenez.
Umeari duela egun batzuk agertu zitzaion barizela, baina, gaur goizaldean, okerrera egin du. Horregatik, ospitalera eraman dute anbulantziaz, eta bertan suspertu behar izan dute. Azkenean, hil egin da.
Analisiek ondorioztatu dute A estreptokoko batek eragin duela gaixotasuna. Horregatik, prebentzio protokoloa abiatu diete umearekin harreman estua izan duten pertsona guztiei, bai senideen artean, bai haren ikastetxean. Zentroan, gainera, Osasun arloko arduradunek bilera bat egin dute gaur arratsaldean, informazioa emateko.
A estreptokokoa sarritan eztarrian dagoen bakteria bat da, baina gehienetan ez du gaixotasunik sortzen, edo, gehienez, infekzio arin bat eragin dezake. Hori bai, batzuetan gaixotasun larriak eragin ditzake.
Gaixorik dagoen pertsona baten mukiak ukitzean transmititzen da bakteria hori, eta antibiotikoen bidez tratatu egiten da.
Gurutzetako Ospitaleak dolu-minak adierazi dizkie umearen senideei.