Gizartea -
Busti Zaitez
Esklerosi anizkoitza dela-eta, milaka herritar bustiko dira igandean
Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioak (EAEF) hemeretzigarrenez antolatu du “Busti Zaitez” ekimena. Uztailaren 10ean, milaka herritar bustiko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioak (EAEF) hemeretzigarrenez antolatu du “Busti Zaitez” ekimena. Ekitaldi nagusia igande honetan, uztailaren 10ean, egingo dute Euskadiko 80 herritako hondartza eta igerilekuetan. “Busti zaitez” kanpainak herritarrak informatu eta sentsibilizatu nahi ditu, baina ikerketa bultzatzeko beharrezkoa den finantzazioa lortzea ere du helburu.
Erika Otxoa Adembiko Errehabilitazioaren koordinatzaile teknikoak azaldu duenez, “Busti Zaitez” kanpaina esklerosi anizkoitzaren berri emateko tresna nagusia izan da. Alde horretatik, azken urteotan “gero eta ezagunagoa” egiten ari den gaixotasun bat dela esan du.
Kanpaina berria asteazken honetan, hilak 6, aurkeztu dute Bilboko itsasadarrean, eta Otxoak bertan esan duenez, ekimenaren helburu nagusia gaixotasuna ezagutaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea da. Era berean, gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, eta ikertzen jarraitu ahal izateko, finantzazioa lortu nahi dute.
Horregatik, uztailaren 10ean izango den ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek igeri egin beharko dute beraiek aukeratzen duten hondartza edo igerilekuan. Egunaren amaieran, herri guztietako datuak emango dituzte.
Laguntzeko beste modu bat Katuki Saguyakik diseinatu dituen produktuak eskuratzea izango da.
Kanpaina aurkezteko ekitaldian, Pedro Carrascal (fundazioaren gerentea), boluntarioak eta esklerosi anizkoitza duten gaixoak egon dira, eta Gurutze Beitia, Maribel Salas, Asier Hormaza, Eneko Van Horenbeke eta David Etxebarria ere bertaratu dira euren babesa ematera.
Sare sozialetan #mojate2016 etiketa erabiliko dute kanpainaren berri emateko.