Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Gizarte-erantzun sendoa, sanferminetako sexu-erasoaren aurka

Udaletxe-plaza jendez bete da, San Fermin jaietako lehen egunean izandako sexu-erasoa salatzeko; bost lagun atxilotu dituzte erasoagatik.

Bilkura jendetsua Iruñean, eraso sexisten aurka

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean, milaka herritarrek, erakundeekin batera, Udaletxe-plaza bete dute, xede izanik Nafarroako hiriburuan San Fermin jaietako lehen gauean jazotako sexu-erasoa gaitzestea. Bost gizon daude atxilotuta, ustez erasoan parte hartzeagatik.

Erasoaren berri izan ostean, Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Foru Parlamentuak arbuioa agertu dute, eta herritarrei gonbidapena egin diete mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Bertan izan diren askok sanferminetan sexu-erasoak gaitzesten dituen ikurra zeramaten, alegia, esku gorri bat, zabalik, "No es no" lemarekin.

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak protestan parte hartu dute, milaka lagunen batera. Udalbatza egon da, osorik, herritarrekin; elkarretaratzean, jendeak aldarrikatu du ezin dela egon erantzunik gabeko erasorik, bai eta borroka feminista ere.

San Fermineko lagunarteek ere mobilizazioa egin dute, zezen-plazaren ondoan, erasoa gaitzesteko helburuarekin.

Joseba Asironek berdintasuna eta errespetua eskatu ditu

Erasoaren berri izan ostean, Joseba Asiron Iruñeko alkateak "berdintasunaren" eta "errespetuaren" aldeko mezua zabaldu du berriro. "Onartezina da herritarren % 50ek kalera ateratzeko segurtasun-zerga bat ordaindu behar izatea", adierazi du.

Sexu-erasoaren ustezko bost egileetatik lau zezen plazan atzeman ditu Foruzaingoak, bigantxetan zeudela. Bosgarren ustezko erasotzailea, berriz, aparkatuta zegoen auto batean topatu dute, Iruñeko auzo batean. Guztiak identifikatu eta atxilotu ostean, Udaltzaingoaren esku utzi dituzte.

Udaltzainek jarraitzen dute ikertzen, argitzeko zer gertatu den, eta Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiaren laguntza du horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Tratu txarrak Espainian Nafarroa Sanferminak Iruñean Albisteak