Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Hil egin da bikotekide ohiak Zaragozan sastatutako emakumea
Erasotzailea larri dago Miguel Servet ospitaleko zainketa berezien unitatean, bikotekide ohiari eraso eta gero bere buruaz beste egiten saiatu baitzen.
Agentziak | Erredakzioa
Bikotekide ohiak sastatu eta gero Zaragozako Ospitale Klinikoan larri zegoen 28 urteko emakumea hil egin da.
Aragoiko Gobernuaren iturriek jakinarazi dutenez, erasotzailea bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta Miguel Servet ospitaleko zainketa berezien unitatean dute, larri.
Eraso matxista igande arratsaldean gertatu zen, 17:00etan, Aranda kondea kaleko 10-12 zenbakiko etxebizitzen parean. Toki hori zuten zehaztuta batak besteari 5 urteko semea emateko topagune gisa.
Dirudienez, gizonak bertan utzi zuen semea, eta haren amaren zain geratu zen. Bikotekide ohia semea jasotzera agertu zenean, arma zuri batez eraso zion, saman sartuta, eta, ondoren, bere burua hiltzeko ahalegina egin zuen, arma zuria buruan sartuta. Umea aurrean zegoela jazo zen guztia.
Emakumea larri eraman zuten Zaragozako Ospitale Klinikora, eta urgentziazko ebakuntza egin zioten. Goizean hil da, ordea.
Gizonari ere ebakuntza egin zioten, eta larri jarraitzen du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.