Gizartea -

Gasteiz

Emakume bati hankak itxi ote zituen galdetu zion epailea ikertuko dute

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Carmen Molina ikertuko du, bikotekide ohiak bortxatu zuen emakume bati hankak "ongi" itxi ote zituen galdetu ostean.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Gasteizen.
Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Gasteizen. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Carmen Molina ikertzen ari da, Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegiko epailea, bortxaketa bat jasan zuela salatu zuen emakume bati hankak ongi itxi ote zituen galdetzeagatik.

Antonio Jesus Fonseca-Herrerok ireki du Molinaren aurkako prozesua, diziplina txostena, gertakari horrengatik jaso zuen salaketa artxibatu ostean.

Aurreko astean, BJKN-ko batzorde iraunkorrak atzera bota zuen Clara Campoamor elkarteak jarritako salaketaren artxiboa, eta diziplina txostena irekitzea eskatu zuen.

Salaketan epailea kargugabetzeko edo lanetik aldi baterako baztertzeko eskatzen zuten, indarkeria matxistaren biktimen "eskubideen etengabeko urraketagatik".

Otsailaren 16ko gertakari baten harira jarri zuten salaketa. Emakume batek Gasteizko Udaltzaingoarena jo zuen bikotekideak etengabe tratu txar fisikoak eta psikikoak egiten zizkiolako, tartean sexu-erasoak. Hori dela eta, babesteko neurriak eskatu zituen.

Hurrengo egunean epailearen aurrean deklaratu zuen, eta Molinak "salatzailearen lekukotzarekiko sinesgarritasun eza erakutsi zuen uneoro", salaketaren arabera.

Epaileak "erasoei aurre egiten saiatu ote zen" galdetu omen zion. Era berean, hauxe ere galdetu ziola salatu dute: "Ongi itxi zenituen hankak? Emakumezkoen organoen lekua guztiz itxi zenuen?".

Clara Campoamor elkartearen ustez, galdera hori "umiliagarria" da, eta ez da "profesionala eta etikoa". Gainera, epailearen portaera hori "ohikoa eta etengabekoa" dela ere adierazi du.

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Gasteiz berriak Eguneko albisteak