Gizartea -
Asteazkenean, uztailak 27
Baionako besten hasiera-ekitaldia, bertan behera segurtasunagatik
Lapurdiko hiriburuak hilaren 27tik 31ra ospatuko ditu bestak. Segurtasun-indarren gaineko informazioa eman dute; aurreko urteetan baino zorrotzagoak izango dira, Frantzia larrialdi-egoeran dago eta.
Erredakzioa | EiTB.EUS
Baionako bestetan ez dute aurten egingo ohiko hasiera-ekitaldia, non giltzak Lapurdiko hiriburuko herritarrei ematen zaizkien. Ostiral honetan aurkeztu dituzte zein segurtasun-neurri prestatu dituzten agintariek bestetarako, eta, Berria egunkariak bere edizio digitalean nabarmentzen duenez, ez dute egingo Udaletxeko balkoian tradizionala den ekitaldia. Hasiera batean, egitarauak aurreikusten zuen egitea, baina azkenik, Frantzia larrialdi-egoeran dagoela kontuan izanik, bertan behera utzi dute, eta segurtasuna asko sendotuko dute.
Naiz.eus web orriak zehazten duenez, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak esan du neurrien xedea dela "bestak ez desnaturalizatzea"; agintariek azpimarratu dute beharrezkoa dela psikosiari gailentzea, eta zurrumurru faltsuei sinesgarritasunik ez ematea; hain zuzen, astebete pasa da Nizako atentatutik (84 lagun hil ziren bertan).
Berriak jakitera eman duenez, datorren asteazkenetik aurrera lau sarrera izango dira jai-gunean sartzeko, eta poliziak guztietan izango dira (2015ean zazpi sarrera zeuden); debekatuta egongo da motxilak eramatea, eta poliziak gomendatu du nortasun-agiria eskuetan eramatea. Hiriko erdigunea itxita egongo da, eta zezen-plazan sartu nahi dutenei miaketak egingo dizkiete.
"Besten nortasunari eustea"
Naiz.eus-ek, aldiz, azaltzen du 115 kidek zainduko dutela Landetako tren-zerbitzua, geltokietan, eta Gendarmeria Nazionaleko 389 militar arduratuko direla Baionara eramaten duten errepideez. Gainera, Berriak dioenez, besten amaiera-ekitaldia, egingo duten arren, gainerako urteotan baino xumeagoa izango da, eta suziri bat botako dute.
"Neurri hauekin, besten nortasunak bere horretan jarraituko du", esan du Pierre-Andre Durand prefektuak, zeinak aipatu dituen zeintzuk diren segurtasun-indarren beldur nagusiak: "Jende asko bildu eta mugituko dela, alkohola, istripuak eragin dituelako, eta erasoak, batez ere gauetan".