Itxi

Gizartea

Uko egin diote deklaratzeari

Sanferminetan neskatoa bortxatu zuten bostek kartzelan jarraituko dute

agentziak | erredakzioa

Auzitegiak atzera bota ditu defentsek aurkeztutako helegiteak. Akusatuetako bat guardia zibila da eta beste bat militarra; batek erasoa grabatu zuen telefonoarekin. Neskatoak 18 urte ditu.

  • Kaleko kameren bidez identifikatu zituzten erasotzaileak. Irudia: EiTB

    Kaleko kameren bidez identifikatu zituzten erasotzaileak. Irudia: EiTB

Aurtengo sanferminetan 18 urteko neskato bat bortxatzea leporatuta kartzelan dauden bost gizonak espetxean mantentzea erabaki du Nafarroako 1go Sekzioko Auzitegiak.

Uztailaren 9an kartzelatu zituen Iruñeko 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak, bost gizonezko andaluziarrak atxilotu eta gutxira, bortxaketa egitea egotzita. Horietako bat guardia zibila da eta beste bat militarra.

Gaur, ostirala, plazaratutako ebazpenen arabera (irmoak dira, hau da, ez dakieke helegitea jarri), epaileak atzera bota ditu lau akusatutako defentsek aurkeztutako helegiteak. Guztiei leporatu diete sexu-erasoa eta indarkeriaz egindako lapurreta.

Horrela, epaileek baieztatu egin dute zantzuak daudela, bost atxilotuen parte-hartzeari dagokionez; izan ere, horietako batek erasoa grabatu zuen telefonoarekin.

Bortxaketa uztailaren 7an izan zen, Iruñeko erdiguneko kale batean eta, atxiloketatik bi egunera plazaratutako autoak zioenez, taldekako bortxaketa izan zen.

Epaileek, era berean, nabarmendu dutenez, "salatzailearen testigantza sendoa izan da, eta gertakarien oinarrizko parteetan errepikakorra".

Gaztearen esanetan, indarrez sartu zuten etxe bateko atarian, hain zuzen, Paulino Caballero kaleko 5. zenbakian, eta, bertan, "bere borondatearen aurka, bortxatu egin zuten", zehaztu gabe zenbatetan behartu zuten sexu-harremanak izatera.

Horren harira, epaileek diotenez, grabaketa "garrantzia handikoa da, salatutako gertakariek bat egiten dutelako irudiekin", hau da, "bakarrik" zegoela "atari baten barruan, bost gizonezkok berarekin sexu-harremanak zituzten bitartean".

Bestalde, testigantzaren sinesgarritasunari dagokionez, Auzitegiak azpimarratu egin du neskak ez zituela ezagutzen erasotzaileak, hori dela eta, ez du uste interesik duenik haien aurka salaketa faltsua jartzeko edo haiek kaltetzeko.

Halaber, biktimaren bertsioaren aurrean, epaileek nabarmendu dute ez dutela atxilotuen bertsioa jaso, deklaratzeari uko egin ziotelako.

Edozein kasutan, defentsek harremanak baimenduak izan zirela adierazi zuten helegiteetan, eta gazteak ez ezik, "gertakariek ere" kontrakoa adierazten dute, "aipatutako grabazioan ageri denez, eta grabazioa bera egitea" adierazgarria delako, zentzu horretan.

Epaitegiaren iritzian, atarian neskaren SIM txartela eta telefonoaren disko gogorra agertzea, era berean, "ez dator bat borondatez eta modu baketsuan garatutako egoera batekin".

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena