Gizartea -
Indarkeria matxista
Mobilizazioak egingo dituzte astelehenean, Bilboko erailketa salatzeko
Euskadiko hainbat erakunde feministak deituta manifestazioa bat egingo dute Bilbon, baita elkarretaratzeak ere ginerako euskal hiriburuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko hainbat erakunde feministak deituta manifestazioa egingo dute astelehenean Bilbon, aurreko asteburuan jazotako emakume baten erailketaren aurka. Horrez gain, elkarretaratzeak deitu dituzte beste euskal hiriburuetan.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenaren arabera, Bilboko martxa 19:30ean aterako da Arriaga plazatik. Horrez gain, arratsalde horretan bertan elkarretaratzeak egingo dituzte Donostiako Boulevardean, Gasteizeko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko udalaren aurrean, indarkeria matxistaren agerraldiei "Nahikoa da!" esateko.
Talde feministek adierazi dutenez, joan zen larunbatean gertatu zen Arantza Palaciosen erailketarekin dagoeneko zazpi dira Euskal Herrian indarkeria matxistarengatik hildako emakumeak.
"Joan zen uztailaren 23an agertu zen hilik bere etxebizitzan, eta horren aurrean protokolo poliziala eta judiziala martxan jarri ziren. Aste bat geroago, bere bikotekidea atxilotu dute erailketa leporatuta", kontatu dute.
Aipatu kolektiboen esanetan, emakumeak bere bikotekidearen aurka salaketak jarri zituen aurretik ere, indarkeria matxista egotzita, eta 2007ra arte urruntze-agindu bat izan zuen.
"Horrek argi erakusten du indarkeria matxistaren aurkako jardunean dauden hutsuneak, legeei, protokoloei eta baliabideei dagokienez; izan ere, erasotzaile gisa salatutako gizonezko batek emakume bat erail ahal izan duelako, eta astebete behar izan delako hori frogatzeko, zantzuak argiak zirenean", deitoratu dute.
Horrez gain, uda honetan emakumeen aurkako erasoaldiak ikaragarriak izaten ari direla ziurtatu dute, eta Irunen, Iruñean, Errenterian, Lezon eta Getxon jazotako erasoak zenbatu dituzte.
Eraso horien aurrean, talde feministek adierazi dute indarkeria sexistak lehen mailako arazo politikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala izaten jarraitzen duela, "ez baitira era isolatuan edo banakoan gertatzen diren erasoak".