Gizartea -

104. urteurrena

Bermeok 1912ko enbatan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu

Ostiral honetan, abuztuak 12, enbataren 104. urteurrena betetzen da. Halaber, itsasontzien prozesio isila egingo da Xixiliarantz.

Bermeok 1912ko enbatan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu. Argazkia: EiTB
Bermeok 1912ko enbatan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu. Argazkia: EiTB
Bermeok 1912ko enbatan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan, abuztuak 12, enbataren 104. urteurrena betetzen da. Horrenbestez, Bermeok 1912ko hondamendi horretan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu Galerna Taldeak eta Bermeoko Udalak antolatutako hainbat ekitaldirekin.

Arratsaldean, enbataren 104. urteurrena betetzen denean, atuna erreta dastatzeko aukera egongo da Bermeoko Olatuko kaian Galerna taldeak antolatuta.

Era berean, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira, eta, 21:00etan, itsasontzien prozesio isila egingo da Xixiliarantz 1912ko enbata gogoratzeko eta itsasoan galdutako arrantzaleak omentzeko.

Ordu horretan, lehorrean dauden herritarrek Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira Kankikabara txistularien soinuak lagunduta. Bertan, kandelak banatuko ditu Serrats enpresak. Horrela ba, itsasontziekin bat egingo dute, elkarrekin lore-eskaintza egiteko ekitaldi hunkigarri batean.

Horrez gain, Aita Guria baleontzia eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa doanik bisitatu ahal izango da egun osoan. Gainera, museo horrek abuztuaren 14ra arte 1912ko Galarrenari buruzko erakusketa bat hartzen du.

Ostegunean, Isabel Letek ‘La Galerna y La Mar’ liburua aurkeztu zuen. Eleberri historiko horretan egileak 1912ko enbata gainditu zuten emakumeak omentzen ditu eta euren bizipenak kontatzen ditu.

1912ko enbatan, Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeuden 143 arrantzale hil ziren. Halaber, 75 emakume alargun gelditu ziren Bermeon, euretatik asko haurdun, eta San Roke egunean ezkonduko ziren beste 20 neska senargai barik gelditu ziren.

Horrela ba, Bermeoko herriak arrantzale guzti horiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldia egin nahi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Azken ordukoa Bizkaia Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Historia Arrantza albisteak 2024 Sumendien erupzioek kaltetutakoak