Gizartea -
Galizia
Emakume bat atxilotu dute Pontevedran 15 baso-sute piztu dituelakoan
Atxilotutako emakumeari gutxienez 15 suteren egilea izatea leporatzen diote. "Su-eragileak ziren gailuak" kokatzen ari zela atzeman zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak emakume bat atxilotu du Cerceda udalerrian (Coruña), baso-suteen delitua egotzita; hain zuzen, gutxienez 15 baso-sute egin izatea leporatzen diote.
Sepronako teniente-buruak azaldu duenez, emakumea (M.C.G.G., 56 urtekoa) su-eragileak ziren gailuak ari zen kokatzen atzeman dutenean. Ordesek eta Sepronak berak zaintza-lana zuten egina azken asteotan.
Hain zuzen, zehaztu dute etxetik irten dela eta zazpi aldiz gelditu duela ibilgailua, xede izanik beste horrenbeste kandela usaintsu uztea. Gero, kandela horiek suak pizteko erabiltzen zituen. Ostiral honetan jarritakoak Guardia Zibilak kendu ditu; auzoko batek ere bat kendu du.
Atxilotu dutenean, Guardia Zibilak beste bost kandela topatu dizkio, bai eta pospoloak eta bederatzi txiskero. Gutxienez 15 sute egotziko zaizkio, uztailaren 18tik hona. Horietako zazpietan, hainbat froga fisiko eta lekuko-proba badituzte agenteek.
Herritarren laguntza
Emakumeak ez du jarduera piromanok ekarritako aurrekaririk. Larunbatean utziko dute epailearen esku. Harreman txarra omen zuen auzokoekin, Sepronako arduradunak azaldu duenez. Herritarren laguntza garrantzitsua izan da, atxiloketa egin ahal izateko.
Guztira, zuhaizti eta zuhaixkako 22 bat hektarea kiskali dituzte 15 baso-sute horiek. Beti izaten ziren zenbait etxebizitzatik gertu, bere etxetik 2-3 kilometrora. Den-denak, Cerceda udalerrian. Gutxienez, beste zazpi sute pizteko ahalegindu omen zen.
Bestalde, galdetu diotenean su-emaileen profilaz eta kasu hauetan egin beharreko ikerketaz galdetu diotenean, esan du ez dela erraza, eta adierazi du garrantzitsuena dela “sutearen jatorrizko puntura” heltzea.
Bitartean, onartu du zaila dela su-emailearen profil bat zehaztea, baina nabarmendu du normalean bakarrik aritzen direla, eta horrek inpunitatea babesten laguntzen die.