Gizartea -
Indarkeria matxista
Bost gizon atxilotuta Gasteizen eta Nafarroan, genero indarkeriagatik
Lau bikotekideei erasotzea leporatu diete, eta, bosgarrenari, urruntzeko agindu bat urratu izana.
eitb.eus
Bost gizon atxilotu dituzte azken egunetan Gasteizen eta Nafarroan, indarkeria matxistarekin lotutako delituak egotzita, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.
Arabako hiriburuarekin hasita, igandean, 16:00etan, 28 urteko gizon bat atzeman zuten Abetxuko auzoan, bikotekideari erasotzeagatik. Bi seme-alabak (bat biena zen, eta bestea gizonarena) adingabeak aurrean zeudela egin zuen erasoa.
Biktimak alaba adingabearekin etxetik ihes egitea lortu zuen, gizona galarazten saiatu bazen ere, eta tratu txarrak ohikoak zirela azaldu zion Poliziari.
Gainera, atzo, 05:00etan, Udaltzaingoak 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuen.
Ordu horretan, agenteek oihuak entzun zituzten Martin Luther King kaleko establezimendu batean, eta, sartu zirenean, emakume batek esan zien senarrak eraso egin ziola, eta tratu txarrak ohikoak zirela.
Foru Erkidegoari dagokionez, La Barranca herriko auzokide bat atxilotu dute gaur goizaldean, urruntzeko agindu bat urratzeagatik.
Bestalde, bart gizon bat (41 urtekoa eta Cascanteko bizilaguna) atzeman dute, genero indarkeria delitu bat egotzita. Biktimak etxetik ihes egin zuen, alabarekin batera.
Gaur, halaber, Tafallako 36 urteko auzokide bat atxilotu dute, genero indarkeria, mehatxu egitea eta hertsapena leporatuta. Gizonak mehatxu egin dio emazteari, eta etxetik bota ditu andrea bera eta bi seme-alaba txikiak.
Orotara zortzi gizon atxilotu dituzte ostiraletik Nafarroan, indarkeria matxistarekin lotuta.
________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.