Gizartea -
'Nature' aldizkaria
Sekula ikusitako fosil zaharrena aurkitu dute Groenlandian
1,4 zentimetro dituzten arrastoek 3.700 milioi urte dituzte, eta urtu den izotz zati baten azpian agertu dira. Lurra asteroide ugarik jotzen zuten garai batekoak omen dira.
agentziak | erredakzioa
Sekula ikusitako fosil zaharrena aurkitu dute Groenlandian, Nature aldizkariak jakitera eman duenez, eta 3.700 milioi urte inguru duten mikrobioenak omen dira.
Hala, aurretik ezagutzen zen fosil zaharrena baino 220 milioi urte lehenagokoa da. Australian agertu ziren orain arteko fosil zaharrenak.
Hain zuzen ere australiarrak izan dira aurkikuntza berria egin duten adituak. Mikroorganismo geruzek egindako 1,4 zentimetroko estromalitoen fosilak dira, eta Groenlandia hego-ekialdean zeuden.
Lurra oraindik osatzen ari zen eta asteroide ugarik jotzen zuten garai batekoak dira fosilak, eta izotza urtu denean agertu dira.
Lurrean izaki bizidunak noiz sortu ziren ikertzen ari den ikerketa baten ondorio da aurkikuntza.